GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Euskal segalariak ere ari dira nazioarteko erara moldatzen

Euskal Herriko selekzioak nahiko itxura ona eman du Hego Tirolen jokatu den Europako Txapelketan. Gizonezkoen emaitzak onak izan dira, laugarren eta seigarren postuak eskuratu baitituzte, Esnaolarekin eta Mitxelenarekin. Emakumezkoetan emaitza apalagoak izan dira.

p032_f01_250x136.jpg

Jon LEUNDA

Amaitu da Hego Tirolen jokatu den Europako Sega Txapelketa. Han izan da Euskal Herriko selekzioa, eta orokorrean ez dira emaitza txarrak izan, batez ere gizonekoetan, domina lortzetik oso gertu ibili baitira. Suitza, gizonezkoetan, eta Austria, emakumezkoetan, izan dira jaun eta jabe, eta horiek eraman dituzte domina guztiak. Suitzak lau eraman ditu, eta Austriak, berriz, bi kolkoratu ditu.

10.000 ikusle inguru batu dira txapelketa ikustera; hain zuzen, lehiaketa bera herenegun jokatu zen. Antolakuntza ere ona izan zen, eta tartean ezusteren bat edo beste ere izan zen. Emakumezkoak hasi ziren lanean, eta hor euskal ordezkariak ez ziren fin aritu. Alatzne Etxaburua izan zen denetan onena, eta hemezortzigarren postuan amaitu zuen. Bat atzerago geratu zen Irati Astoandoa. Gainerakoak, nahiko atzean geratu ziren.

Maila honetan Austria izan da jaun eta jabe. Margit Steinman izan zen txapelduna, eta bigarrena, berriz, Marie Louise Loker. Hirugarren postuan Regula Frehner suitzarra sailkatu zen. Gizonezkoetan, aldiz, Suitzaren nagusitasuna erabatekoa izan zen, lehen zazpiren artean bost sartu baitzituen. Hor, ordea, euskal ordezkariek bakarrik egin zieten aurre. Igor Esnaolak laugarren postua eskuratu zuen, eta Bixente Mitxelenak, seigarren postua bereganatu zuen. Txapelduna, Armin Betschart izan zen, bigarren Stefan Luond eta hirugarren Martin Frischknecht, denak ere Suitzako taldekoak.

Sei selekzio ziren izatekoak, baina azkenean zazpi lehiatu dira, Eslovakia ere sartu baita. Berarekin batera, Euskal Herria, Suitza, Hego Tirol, Austria, Eslovenia eta Alemania aritu dira jo eta su Europako onena zein den erabakitzen. Parte hartzea zabaltzen ari da, eta badirudi etorkizunean herrialde gehiago ere izango direla lanean.

Baikor

Altzo, Almitza Elkarteko kidea, eta nazioarteko erako segalaritzak Euskal Herrian duen arima, nahiko baikor itzuli da etxera. «Egia esan, beti nahi izaten da gehiago, baina azkeneko urteekin alderatuz gero, uste dut gauzak hobeto daudela. Mutiletan oso emaitza onak direla uste dut. Suitzarrak jaun eta jabe izan dira, eta lehen zazpien artean bost sartu dituzte, eta haien artean gure bi. Beraz, esan dezakegu ez dela gaizki egon. Nesketan, gauzak ez dira horren ongi atera, baina ikasten joango garen itxaropena daukat», dio Altzok. «Hemen asko ari zaigu kostatzen nazioarteko erak ez duela betiko erarekin zerikusi handirik, baina uste dut ari garela horretara ohitzen. Segak ere ezberdinak dira. Era tradizionalean erabiltzen direnek ez dute balio lehiaketa honetarako, ez behintzat moldatu gabe», gaineratu du.

Zaldibiarraren ustez, mutilen bigarren sailkatuak eman omen du ezustea. «Guk hor puntan dabiltzan guztiak ezagutzen ditugu, azken batean urte asko daramatzagu hor sartuta, baina Luond ez genuen ezagutzen, eta ikaragarrizko maila eman zuen. Mutil gaztea da, etorkizun handikoa. Denontzat ezuste handia izan da. Orokorrean, Suitza izan da onena. Beste herrialde batzuek behera egin dute, eta hauek, gora. Jende gaztea, eta maila handikoa dute», dio gipuzkoarrak.

Hurrengo Europako Txapelketak ere badauka lekua eta data. Azpeitian jokatuko da, Loiolako santutegiko harresiko belardietan, 2015eko abuztuaren azken asteburuan. Beraz, Euskal Herriak hartuko du antolakuntza, eta jadanik gauza batzuk ere aurreratuta dituzte, lekua bai baitute, baina bi urte falta diren arren, lanean azkar hasi beharra dagoela iragarri du Altzok. «Lekua eta data prest daude, baina orain lanean jarraitu beharra dago. Prestakuntza handia behar da, ez kirol mailan bakarrik, baita gainerako arloetan ere. Jende asko etorriko da, eta oso litekeena da, gainera, are eta herrialde gehiago izatea. Lo egiteko, jateko, prentsa bulegoak, informazio bulegoak, belardiaren zaintza eta garrantzitsuena, dirua, horiek lotu behar ditugu», azaldu du zaldibiarrak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo