GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA Caja Rural taldeko txirrindularia

Esku bakarreko behatzekin konta daitezke

Umeak bezala hasi naiz jada. «Bost lo» egin behar ditugu etxera iristeko. Bost lo eta bost etapa. Itzuli honen hasieran esaten nuen 21etik bat eskatzea ez zela asko eskatzea, baina lortzea zaila izango zela. 16. etapa pasata are zailagoa orain, atseden egun honen ondoren geratzen diren bostetatik azkena esprinterrentzat erreserbatua dela kontuan izanik, bat irabazteko aukerak bost baino gutxiago direlakoan nago. Beraz, ezin dugu aukera txikiena ere pasatzen utzi!

Atzoko etapan, horren jakitun nintzen eta ihesaldiak helmugara iristeko aukerak izango zituela ere bai. Beraz, ihesaldian sartu beharra neukan hil ala bizi. 70 km egurrean aritu ondoren, eguneko lehen helburua lortu nuen arren, tropelak ez zigun baimena berehalakoan eman. Etapa oso azkarra izan zen eta azken igoerara bitartean gogor saiatu behar izan genuen. Behin azken igoerara iritsita garaipenerako aukera genuela jakitun ginen, eta bihotzak gehiago egin zidan buruak baino.

Ibilbidea ondo ezagutzen nuen, sarri etorri izan nahiz inguruotara Markel eta Haimarrekin entrenatzera eta etxeko errepideak bezala ezagutzen nituen; beraz, Sallenteko herria pasa orduko eraso saiakera bat egiteko leku egokia zelakoan erasoari ekin nion. Baina Argoseko Barguil gazteak gurpila hartu ez ezik, kontraerasoa jo zidan, eta une horretan erantzun ezinik nintzela besteren batek erantzuteko zain geratu nintzen arren, inork erantzun ez eta tartetxoa atera zigun. Orduan, bihotzak esaten zidan nire aukera urriak murrizten ari zirela eta behin eta berriro ahalegindu nintzen tarte hori murrizten indar asko xahutuz. Azken 3 kilometroetan indar horiek faltan izan nituen.

Behin etapa bukatuta eta emaitza jakinda, beste era batera jokatuko nukeen, baina orain jada atzera bueltarik ez dagoenez, esku bakarreko atzaparrekin konta daitezkeen aukera horietako bat galdu dudan sentsazioarekin iritsi naiz atseden egunera.

Zapore gazi-gozoa daukat: gozoa, bi hilabete gogorren ondoren etxera buelta gertuago ikusten dudalako, eta gazia, helburua lortzeko aukerak murrizten doazelako. Egindako lanarekin ere berdintsu gertatzen zait: gozoa, neure burua etapa lehiatzeko indar eta aukerekin ikusi dudalako azken egunotan, baina gazia, horren gertu izanda aukera horiek aprobetxatu ezin izanagatik!

Atseden egun honetan pilak topera kargatu eta lehiarako gertu izango naizela esanaz agurtzen natzaizue. Esku bakarreko behatzekin konta daitezke geratzen diren aukerak, baina horietako bakoitza azken unera arte borrokatuko dugu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo