Euskadiko Orkestrak zenbait filmetako musika eskainiko du kontzertuan
N.B. | DONOSTIA
Euskadiko Orkestrak zinemaren omenezko kontzertu berezi bat eskainiko du hilaren 26an. Zinemaldiaren 61. edizioa dela-eta (irailak 20-28) eta SGAE-Autore Fundazioak jaialdia diruz laguntzen duela aprobetxatuta, honen kide diren sei konpositoreren lanak eskainiko dituzte.
Iaz Juan Antonio Bayonaren «Lo imposible» filma Zinemaldian ikusgai zegoenez, orkestraren eta jaialdiaren arteko lehenengo lankidetza ekimena egin zuten. Filmaren soinu bandaren sortzaile Fernando Velazquezek azaldu bezala, «filma ikusi gabe oso ondo jotzen zuten, baina musikarientzako emanaldi pribatu bat egin eta gero, askoz hobeto».
Velazquezen partitura honen suite bat entzungai izango da aurtengo kontzertuan ere, beste konpositoreen lanekin batera. Horien artean, Pascal Gaignek konposatutako «778 La Chanson de Roland» dokumentaleko suitea. «Orreagako historia ondo ezagutzen duen gizon bati buruzko filma da. Ez da oso ezaguna baina oso musika epikoa da, nire lanen artean ez oso ohikoa, eta iruditzen zait orkestraren instrumentalizazio osoa gozatu ahal izango dela pieza honekin», iragarri zuen Gaignek. Egileak azaldu bezala, doinu horiek Euskadiko Gazte Orkestrarekin grabatu zituzten. «Talentu ikaragarrien harrobi bat da».
Velazquez eta Gaignerekin batera, Emilio Aragonen «Pajaros de papel», Angel Illarramendiren «Una historia reciente», Pablo Cervantesen «You're the one» eta «Tiovivo c. 1950» eta Zacarias M. de la Rivaren «Las aventuras de Tadeo Jones» entzun ahal izango dira.
Turismo mota bat
Velazquez konpositoreak esan zuen badagoela zinema musikaren inguruko «turismo mota bat». Hau da, leku batera opera ikustera joaten direnak dauden bezala, zinemako musika entzutera joaten direnak ere badaude. «Musikarientzat ere oso gauza polita da hori, jende desberdina etortzen delako».
Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariak konpositoreak esandakoa baieztatu zuen. «Urtero jendeak proposamen asko egiten dizkigu, horien artean zinemako musikarekin zerbait prestatzekoa».
Kontzertua orkestraren egoitzan (Miramon pasealekua) izango da 20.00etan. Sarrera doakoa izango da, baina 500 eserleku baino izango ez direnez, aldez aurretik gonbidapena hartzea ezinbestekoa izango da. Horiek jasotzeko Zinemaldiak iraun artean Okendo plazan (Maria Cristina hotela eta Victoria Eugenia antzokiaren artean) jarriko den karpara jo beharko da irailaren 16tik 25era, 10.00etatik 20.00etara. Laguneko bi sarrera eskatu ahal izango dira.