GARA > Idatzia > Kultura

1936ko guda dakar gogora «¡Ay, Carmela!» musikalak

Jose Sanchis Sinisterraren lanean oinarritutako musikala da «¡Ay, Carmela!». 36ko gerran, tropa frankistentzako antzeztera behartuko dituzten komiko biren istorioa kontatzen du. Irailaren 13tik 22ra hainbat emanaldi eskainiko dituzte Bilboko Euskalduna jauregian.

p041_f01.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

80ko hamarkadaren amaieran Jose Sanchis Sinisterra antzerkigileak idatzitako komedia tragikoaren bertsio musikala da «¡Ay, Carmela!». Bilbora iritsi da ikuskizuna, eta hil honetako 13, 14, 15, 20, 21 eta 22an emanaldiak eskainiko dituzte Euskalduna jauregian. Inma Cuesta («La Voz Dormida», «Águila Roja»), Javier Gutierrez («Un franco, 14 pesetas», «Águila Roja») eta Marta Ribera («Chicago», «Cabaret») dira aktore protagonistak. Artista biren istorioa kontatzen du, 1936ko gerran bizi dira eta akats baten ondorioz, tropa frankisten aurrean antzeztu beharko dute. Carmelak (Inma Cuesta) eta Paulinok (Javier Gutierrez), bata tonadillera eta bestea komediantea, abesten eta tropari barrea eragiten biziraun beharko dute. Teniente faxista italiar batek ikuskizun bat egitera derrigortuko ditu, errepublikazale batzuen fusilamenduan.

Andres Vicente Gomez da ekoizlea, 1991n berak produzitu zuen zinemarako lehen bertsioa -Carmen Maura, Andres Pajares eta Gabino Diego izan ziren protagonista-. 13 Goya sari jaso zituen filmak, eta nazioartean ere arrakasta handia izan zuen.

Berritasuna eta modernitatea dakartza musikalak, eta Victor Manuelek, Pedro Guerrak eta Vanesa Martinek ikuskizunerako beren beregi konposatutako abestiak kantatuko dituzte aktoreek, garaiko beste hainbat izenbururekin batera: «Suspiros de España», «¡Ay, Carmela!», «Giovenezza» eta «Jarama Valley», besteak beste. Dena dela, Sanchisen testuarekiko oso fidela da antzerkia.

Antzerkiaren etorkizuna

Antzerkiari gorazarre egin zioten atzo Bilbon egindako agerraldian, eta BEZaren igoera gaitzetsi zuten. «Zentzugabekeria hutsa da antzerkiak %21eko BEZa edukitzea, zezenak eta futbolak BEZ murriztua dute. Ea Joko Olinpikoetarako dirua antzerkira bideratzen duten», adierazi zuen Andres Vicente Gomezek. Etorkizuna ikusten dute baina. Jose Luis Garcia Sanchez egokitzaileak esandakoaren arabera, «antzerkirik ez dagoen lekuak, oso toki tristeak izaten dira». Aktoreen «leku naturala» agertokia da, Gutierrezen esanetan. «Feedbacka existitzen da ikusleekin, erantzuna berehalakoa da».

Euskaldunako txarteldegian, Kutxabankeko kutxazainetan, bai eta Internet bidez ere eskuratu daitezke sarrerak, 35 euroren truke.

27 URTEREN OSTEAN

1986an idatzi zuen «¡Ay, Carmela!» antzezlana Sanchis Sinisterrak; lau urtera zinemetan estreinatu zuten, Carlos Sauraren zuzendaritzapean. Orain, antzerki musikalera moldatu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo