Hiru ebazpen daramatza Islandiara Euskal PENek, idazleen nazioarteko kongresura
GARA | BILBO
PEN Internationalek 79. kongresua egingo du egunotan Reykjaviken (Islandia). Mundu osoko idazleak bilduko dira Islandiako hiriburuan, eta «Muga digitalak - Hizkuntza eskubideak eta adierazpen eskubidea» izango dute gai nagusi. Euskal Herriko ordezkari gisa PEN taldeko Urtzi Urrutikoetxea, Lutxo Egia eta Itxaro Borda izango dira. Munduko idazle elkarte handiena da. I. Mundu Gerraren ostean sortu zen, ideologiez gaindi, hizkuntzak eta literaturak bakearen aldeko bidea eta herritarrak batu ditzakeela sinetsita.
Euskal PENek hiru ebazpen eramango ditu kongresura. Idazle Espetxeratuen Batzordean «Egin»-eko kazetari presoen kasua darama. Gogoan hartu behar da ia sei urte daramatzatela espetxean egunkari horretarako zuzendari Javier Salutregik, zuzendariorde Teresa Todak (Euskal PENeko zuzendaritzako kidea) eta beste zenbait langilek.
Hizkuntza eskubideen batzordean beste ebazpen ere izango dira. «Nafarroan Euskalerria Irratiak bizi duen egoera eta Euskal Telebista ikusteko debekua onartezinak direla deritzogu», are gehiago, PENeko eztabaidetan ulertezina egiten zaie Al Jazeera edo BBC lasai asko ikus daitezkeen herrialde batean bertako hizkuntzaz den telebista bakarra ezin jarraitzea.
Azken ebazpena Okzitaniako PENekin batera osatu dute, eta hainbat PEN zentroren babesarekin aurkeztu da Batzar Orokorrean; hala nola, Kataluniako, Portugalgo, Frantziako eta Uigurren PEN zentroek. Frantziako Gobernuari gogorarazi nahi diote, François Hollandek hauteskunde-kanpainan Europako Hizkuntzen Karta berretsiko zuela agindu zuela, eta hala egin dezan eskatzen dio ebazpenak.
Datozen egunetan eztabaidatu eta bozkatuko dira ebazpenak, Reykjaviken bildu diren ehundik gora idazleen artean.
Poesia irakurraldiak
Kongresuarekin batera, Pass the Word eta Free the Word literatur jaialdia izango da. Hiriburuko hainbat txokotan irakurraldiak egingo dituzte kongresuan diren idazleetako askok. Islandiako idazleekin batera, Suitza, Txekia, Alemania, Hegoafrika, Vietnam, Quebec, Kolonbia, Zambia, Palestina, Estonia eta beste herrialde askotako poeten bilgune izango da Reykjavik.
Itxaro Bordaren poesia ere entzungai izango da, IDA Zimsen liburu-dendan. Bjarni Bjarnason, Sindri Freysson eta Ofeigur Sigurdsson islandiarrak, Gustav Murin eslovakiarra, Nicholas Kawinga zambiarra, Regula Venske alemana eta Teresa Cadete portugaldarra izango dira.