GARA > Idatzia > Kultura

Ostegunean hasiko da Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren 25. edizioa

A.H. | BILBO

Ostegunean abiatuko da Bilbao Hiria Pop Rock Lehiaketaren aurtengo edizioa Udaleko Euskara, Gazteria eta Kirol saileko zinegotzi Sabin Anuzitaren esanetan, «berezia» izango dena. Berezia, bai 25. edizioa delako, bai sailkatu diren taldeak maila handikoak direlako, «lehiaketak lortu duen oihartzunaren isla» izanik, Anuzitak Bilboko udaletxean emaniko prentsaurrekoan adierazi zuenez.

Horrela -eta sailkatutako taldeak 40 badira ere-, 566 dira aurten lehiaketan izena eman duten taldeak. Horietatik 409 ditugu Pop- rock sailekoak; 121, Metalekoak; eta 36, Beste Joera Batzuen sailean sartzen saiatu direnak. Eskaera guztien artean, 147 Bizkaitik heldu dira, eta talde bilbotarrak 62 dira.

Euskal Herriko bandek ez ezik, Estatu espainolekoek, suediarrek, belgikarrek eta britainiarrek ere hartuko dute parte lehiaketaren 25. ekitaldi honetan.

Pop-rock eta Metal sailetako irabazleek 5.000 euroko sari bana jasoko dute eta 2.500 euro eskuratuko dituzte bigarren geratzen direnek. Beste Joera Batzuk modalitateak, berriz, 2.700 euroko sari bakarra du.

Bizkaiko The Ravelling, Joseba B. Lenoir nafarra eta Al Berkowitz Band talde madrildarra dira aurreneko, ostegun honetako, emanaldiko protagonistak. Hau da, irailaren 12tik urriaren 24rako tartean izango dira kontzertuak. Finalak, ordea, azaroaren 7an (Beste Joera Batzuk), 8an (Metal) eta 9an (Pop-rock) burutuko dira. Ohikoa den bezala, 20.00etan eta Bilborock aretoan izango dira kontzertu guztiak, baita finalak eta lehiaketaz kanpoko kontzertuak ere.

Urteurreneko emanaldiak

Bilbao Hiriak egin duen 25 urteko ibilbide luze eta oparoa nabarmentzeko asmoz aurreko edizioetan saritutako zenbait taldek kontzertu berezi bi eskainiko dituzte. Azaroaren 15ean, Ost, Ride to Fall eta Ero taldeak izango dira Metal saileko kontzertuan eta, hurrengo egunean, Pop-rock sailetik pasatu diren guztien izenean Las Culebras, Moby Dick eta The Great Barrier taularatuko dira.

Kontzertu bi hauek ere doakoak izango dira, Udalaren asmoa «gazteak eta hain gazte ez direnak» Bilborock aretora eramatea baita, Anuzita zinegotziak esan zuenez.

Iaz bezala, aurten ere programa eta taldeen gaineko informazio guztia ematen duen Android smartphonetarako app bat dute eskura interesa dutenek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo