Lurralde Elkargorik ezean, Hitzarmen Berezia berritzea beste biderik ez dutela esan du Lasserrek
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Gobernu frantsesak zein Asanblea Nazionalak eta Senatuak Lurralde Elkargoaren eskaerarekiko izan duen «jarrera jakobinoagatik» bere etsipena inolaz ere disimulatu gabe, Jean-Jacques Lasserrek Herriko Hautetsien Kontseiluak joan den ostegunean hartutako erabakiari buruzko azalpenak eman zituen atzo, Baionan.
«Horrenbeste landutako eskaera, inoiz ezagutu gabeko adostasuna erdietsi duena, gisa horretan tratatu izanak desengainua eta injustizia sentimendu itzela eragin du Euskal Herrian» esan zuen lehenik eta behin Hautetsien Kontseiluko buruak, ezohiko biltzarrean zegoen giroa islatu nahian.
Estatuaren erantzunik eza gorabehera, eta Hitzarmen Berezia aurten amaitzen delarik, hitzarmen berria lantzeko deliberoa hartu zuen aho batez Hautetsien Kontseiluak. Bide hori jarraitzea, beste aukerarik ez dutela nabarmendu zuen Lasserrek. «Azken 20 urteotako lanak segidarik ez izateko eta Ipar Euskal Herria politikoki ordezkatuko duen inolako egiturarik gabe geratzeko arriskua zegoen» esan zuen, egitasmoentzat finantziazioa lortzeko Parisek beste biderik ez diela utzi gaineratuta.
Horiek horrela, elkarte izaera duen egiturarekin aurrera egingo dute, horren «hauskortasunaz» eta «erabateko dependentzia finantzarioaz» jabetzen badira ere.
Gizarte zibila
Ildo horretan, 2014-2020 eperako proiektuak lantzeari ekingo diote berehala, lekuko gizarte eragileei protagonismo nagusia emanez: «Gizarte zibilaren baitatik eratorritako proiektuak soilik emango diote berezitasun izaera hori», esan zuen, Garapen Kontseiluan parte hartzen duten eragileak inplikatuko diren ziurtasunik ez badute ere.