GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan | Bakarne Begoña, GALDAKAOKO Bilduko zinegotzia

«Jai batzordea herriaren isla da, Galdakaoko aniztasunaren isla»

Oposizioko kidea da Bakarne Begoña. Bere ardura Hezkuntza eta Kultura arloetan oinarritzen da batik bat. Jaiei begira argi dauka bere aldarria: jai parte-hartzaile, parekide eta euskaldunak.

Iosu GANUZA |

Zelan bizi dituzu jaiak eta prestaketa zinegotzi moduan?

Zinegotzi moduan Udalak agindutako ezer ez daukat. Kalean egoten naiz nire jendearekin, baina udal zereginik ez daukat. Nik, oposizioko zinegotzi moduan, konpartsek antolatutako igoeran parte hartzen dut. Gero ere udaletxera igotzen gara, eta pregoia zabaltzen den bitartean barruko gela batean egoten gara gobernuko eta oposizioko gainerako zinegotziekin.

Jai batzordean nola antolatzen zarete?

Jai batzordean zinegotzi moduan bilera pare batera joan naiz, funtzionamendua ikusteko. Meritxel Egizabal koaliziokideak bertan parte hartzen du zuzenean, baina ni pare bat aldiz joan naiz funtzionamendua ezagutzera. Besterik gabe.

Hortaz, modu pertsonalean zertan parte hartzen duzu jaietan?

Nik batez ere jai giroa gustuko dut, konpartsak, musika... Gero ume txikiarekin kale antzerkia eta horrelakoak ikustera joaten naiz. Horretaz gain, elkartasuna adierazterako orduan, preso eta iheslarien aldeko bazkarian parte hartzen dut. Gainera, aurtengoak jai bereziak izango dira, Formicaren itxiera dela-eta, besteak beste, hori ez dugu ahaztuko eta jaietan elkartasuna adierazten saiatuko gara. Bertso saioa ere azpimarragarria da, urtero izen handiko bertsolariak etortzen baitira eta giro bikaina sortzen baita.

Zeri ematen diozu garrantzia jaiei dagokienez?

Jaietan jendea parte hartzailea izatea oso garrantzitsua da. Honetaz gain, euskararen protagonismoa ere oinarrizkoa da. Pregoilariaren irudia ere oso garrantzitsua da, eta jai herrikoien isla da. Aurten Elikagai Bankuak irakurriko du pregoia. Erakunde horretako bozeramaileen bidez aurten behar gehien dutenei elkartasuna adieraztea izango da pregoiaren ardatza.

Programari dagokionez, nobedaderik ba al da?

Goitibeherak berreskuratzea da horietako bat. Bestea zezensuzkoa izango da. Desagertuko diren gauzen artean asto lasterketa dago. Jai batzordeak ez zuen proposatu ere egin hura sartzea, baina etekin politikoa lortu nahian EAJko udal gobernuak eztabaidan jarri nahi izan zuen gai hau. Goitibehera lasterketak, esan bezala, berreskuratu egin ditu ostera jai batzordeak. Hori oso garrantzitsua da, Galdakaon duten historiagatik. Haurrentzako lasterketa hilaren 19an izango da eta nagusientzako lasterketa, 15ean. Hori Zuhatzaurren egingo da. Galdakaoko goitibehera lasterketak beti izan dira aski ezagunak eta parte-hartzea, sekulakoa. Baina orain urte batzuk desagertu egin ziren istripu bategatik eta aseguruak oso garestiak zirelakoan.

Zer da jai batzordea zuretzat?

Herriaren isla da, aniztasunaren isla. Herriko kirol taldeak, kultur taldeak eta beste arloetako taldeak biltzen dira jaietarako euren ekarpenak egiteko. Aniztasun honek programa aberastu egiten du.

Zein traba jartzen ditu Udalak?

Udal gobernuari ez zaio asko gustatzen jai batzordeak egitaraua prestatzea. Horrela, eragile bakoitzari proposamenak egiten uzten dio, baina ez berez gauzak ixten. Gauzak horrela, jai batzordeak antolatutako lehiaketetarako diru laguntzak murriztu egin ditu. Gero, badirudi talde eta eragileak kontrolatu nahi dituela; hau da, talde bakoitzean eskua sartu nahi du bere erara moldatzeko, ekimenak bere erara antolatzeko.

EH Bilduk zertarako deia egingo du?

Aurretik aipatutako guztia oinarri oinarrizkoa da alderdiarentzat. Honetaz gain, aurten kantu poteorako deialdi zabala egingo dugu. Gainera, aurtengo jaietan «herriko tabernen auzia» delakoan inputatuta dauden guztiei gure elkartasuna eta babesa eskainiko diegu, nahiz eta oraindik ez dakigun zeozer berezia antolatuko dugun aldarri horren inguruan.

 

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo