GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Urduliz, autogestioaren bidetik gora egiteko asmo garbiarekin

Uribe Kostako herri txiki honetan andramariak bigarren asteburuan sartu dira, aurrekoan izandako euri zaparradak eragindako tristurak atzean utzita. Balorazioa, halere, positiboa da Txosna Batzordearen ikuspuntutik, «Urduliztarrak» ekimen autogestionatuak sekulako arrakasta izan zuelako, egunean zehar giro itzela sortuz. Gaurko menua ere ez da nolanahikoa: goizean, Kick-Boxing eta Sokatira taldeen arteko desafio bitxia, eta gauean mozorro jaia.

p020_f03.jpg

Mikel PASTOR |

Urduliztarrek gogotsu ekin zioten atzo jaietako bigarren asteburuari, aurrenekoan euriaren agerpenak antolatzaileen artean zapore gazi-gozoa utzi zuen-eta.

Gazia baino gaziagoa, aurtengo bisitarien kopurua -bereziki gauekoak- behera egin duelako nabarmen, eta hori txosnen irabazietan igarri delako. Bigarren asteburu honetan, horri buelta ematea espero dute, eguraldiak hobekuntza nabarmena izango duen iragarpenak hauspotuta.

Baina bestetik, goxoa, benetan goxoa, gertatu zen «Urduliztarrak» herri ekimen autogestionatua. Pasa den larunbatean jarri zuen martxan herriko Gazte Asanbladak, herriko beste zenbait eragileren eta tabernarien laguntzaz. Txosna Batzordeko zenbait kidek GARAri argitu ziotenez, ekimena «egunean zehar zegoen hutsuneari erantzuteko jaio zen. Azken urteotan jai eredu guztia gauaren inguruan biltzen ari zela ikusi genuen, eta egunean zehar gauza erakargarriren bat antolatzea erabaki genuen zenbait eragileren artean». Hala, tabernen artean pintxo txapelketa antolatu zuten, eta gazte zein helduek epaile lanak egin zituzten, herriko kaleetan elektrotxarangarekin ibiliz.

Desafio xelebrea

Bigarren asteburu edo txanpa honi atzo eman zioten hasiera, jatorri ezberdina baina antzeko arrakasta duten bi saiorekin.

Batetik, Bizkaiko eta inguruko herrialdetako patinatzailerik onenak batzen dituen Skate Xpression txapelketa ospatu zen. Aurtengoa seigarren edizioa izan da, eta beti bezala, patinatzaileak janzten eta ekipatzen dituzten zenbait markaren ikuskatzaileak bertan izan ziren, talentuak aurkitu nahian.

Ameriketako Estatu Batuetan jatorria duen jardueratik, Euskal Herriko berezko batera: Kultur Etxean bertsolari sorta batu ziren saio ederra egiteko. Unai Iturriaga, Amets Arzallus, Onintza Enbeita eta Igor Elortzak kontrapuntua jarri zioten arratsaldeari.

Gauean, Mercado Negro eta De Acero (Extremoduro taldearen bertsioak jotzen) taldeak izan ziren Elortza inguruan.

Gaur ere izango da zer egin. Goizean, Iratxo Gorria dantza taldearen saioa izango da, Elortza ikastetxean. Udaletxeko plazan, aldiz, desafio berritzailea izango da, herriko Sokatira eta Kick Boxing taldeen artean. Ikustekoa izango da seguru.

Larunbata amaitzeko, mozorro gaua txosnetan: «Txandal party». La Margen eta Tight Leash taldeak arituko dira bertan, eta ondoren, Luhartz erromeria.

IRAGARPEN ONAK

Lehendabiziko asteburua gogorra izan da txosnentzat, euria dela-eta, baina antolatzaileek ez dute itxaropena galtzen, eta bigarren asteburu honetan izango den hobekuntzarekin jende gehiago hurbiltzea espero dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo