GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Zazpi Herrialdeetako Txapelketa

Ikuskizunik eta emoziorik ez da faltako Baigorrin

Zuberoak ezin izan du talderik osatu, eta ez da arituko lanean. Gainerako herrialde guztiak neurtuko dira.

p044_f01_148x116.jpg

Jon LEUNDA

Baigorriko plazan jokatuko da gaur 16.00etan hasita Euskal Herriko Zazpi Herrialdeetako Txapelketa. Bertan hamar kirol ezberdin egingo dira, eta herrialde bakoitzak kirolaririk onenak eramango ditu, edo horretan saiatuko dira.

Gaur, ordea, ez dira zazpi herrialde izango lehian, Zuberoak ez baitu talderik aurkeztuko. Herrialde txikia da, eta kirolariek beste kirol batzuk ere egiten dituztenez, ezin izan dituzte behar zituzten guztiak batu, eta ez dira lehian izango. Ez da gertatu zaien lehen aldia, eta zoritxarrez ez da azkeneko aldia izango. Sokatira, lokotx-biltzea, txinga-eroatea, zaku-lasterketa, orga-jokoa, lasto-altxatzea, ingude-altxatzea, harri-jasotzea, trontza eta aizkora izango dira txapelketa honetan ikusi ahal izango diren kirol guztiak.

Faboritoak, berriz, betikoak izango dira, Nafarroa, Gipuzkoa, eta Bizkaia. Gauzak asko okertzen ez baldin badira, hiruren artean egongo da txapela. Lapurdi ere oso kontuan hartu beharko da, behetik gora indarrean datorren herrialdea baita, eta gauzak ongi egiten ari den herrialdea ere bai. Arabak, berriz, kontrako bidea darama, eta behera doa sekulako abiadan. Nafarroa Behereak nahiko arazo izaten ditu taldea osatzen, Zuberoa baino zerbait handiagoa izan arren, egoera bertsua bizi baitu. Hala ere, kirolari onak baditu taldean, eta kirol batzuetan oso lehiakorrak izango dira. Ez da ahaztu behar, gainera, etxean arituko direla, eta lan eder bat egiten saiatuko dira.

Berez, honek izan beharko luke herri kiroletako urteko ekitaldirik garrantzitsuena, baina bistan dago ez dela horrela. Kirolik garrantzitsuenetako batzuetan falta izaten dira onenak, eta agian garaia ere ez da onena, eta horrek ere eragina izan dezake hartzen diren erabakietan.

Txapelketa honek behar lukeen bezalako indarra izatea nahi baldin bada, gauzak aldatu beharra dago, eta federazio guztiek, Euskadikoa buru dutela, zenbait gauza aldatu eta beste erabaki batzuk hartu beharra dauzkate, bestela berriro ere lehiaketa bat gehiago izaten jarraituko du.

Hori bai, jendeak sekulako erantzuna ematen du, eta gaur Baigorriko plaza gainezka egongo da, eta tartean kanpotarrak ere ugari izango dira, nahiz eta abuztuan izan balitz baino gutxiago izango diren. Ekitaldia oso ikusgarria izaten da, kirol asko izaten direlako ikusgai, eta denetan ere lan laburrak eta azkarrak izaten dira. Horrek ikuskizuna bultzatu egiten du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo