Kepa Sarasola | UEUkide eta UPV/EHUko irakaslea
UEU: berezko titulu berri bat
Segitzen dugu «gai berritzaileak lantzen», eta segitzen dugu «unibertsitate mailan euskaraz ikasteko eta ikertzeko lekua egokitzen». Eta horiexek izan dira gure helburuak hemen azaldu nahi dudan aurtengo graduondoko eskaintza berria plazaratzeko
Udako ikastaro arrakastatsuak bukatu berriak zirenean oso sari gozoa eman berri digute UEUkoei Hau Pittu Hau konpartsakoek. Eta gainera oso berba eder eta zehatzekin azaldu dituzte saria ematearen arrazoiak. Bertan ederto azaldu dute zein den UEUren helburua. Bi ideia hartu nahi ditut nik orain testu horretatik:
(1) «[...] gai berritzaileak izan dira landu eta lantzen dituztenak, horiei forma emanez eta gizarteratuz: ikastaroetan, mintegietan, liburu eta aldizkarietan [...] Sortu edota bildutako guztia jendartearen eskura modu erraz eta erosoan eskaintzen dute».
(2) «[...] Euskal Herria euskalduntzearen lan horretan Unibertsitate euskalduna eraikitzen jardun du 1973tik. Momentuan gizartean dagoen irrika eta beharrak aztertuz, egokituz eta, azkenik, lekua eskainiz. [...] unibertsitate mailan euskaraz ikasteko eta ikertzeko lekua egokitu dute».
Bai, UEUk jasaten duen une ekonomiko zail honetan, pozgarri da horrelakorik publikoki entzutea.
Eta, noski, segitzen dugu «gai berritzaileak lantzen», eta segitzen dugu «unibertsitate mailan euskaraz ikasteko eta ikertzeko lekua egokitzen». Eta horiexek izan dira gure helburuak hemen azaldu nahi dudan aurtengo graduondoko eskaintza berria plazaratzeko.
UEUk sakon aztertu, diseinatu eta koordinatu ondoren, lau graduondoko eskaintzen ditu aurten UPV/EHUk bere Berezko Tituluetan: (1) Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua, UEUko Kimika Sailak bultzatuta, (2) Itzulpengintza eta Teknologia, UEUko Informatika Sailak bultzatuta, (3) Euskal Herriko Pentsamendu Kritikoa XX.-XXI. Mendean, UEUko Soziologia eta Filosofia Sailek bultzatuta, eta (4) Euskal Herriko Lurralde Antolamendua eta Paisaia: Planifikazioa, Kudeaketa eta Antolamendua, aurten lehenengo aldiz eskaintzen duguna.
Bai, unibertsitate mailan euskaraz ikasteko eta ikertzeko lekua egokitzeko bidean, eremu estrategikoa da graduondokoena gaur egunean, mugimendu handia baitago graduondoko eta masterren inguruan, baina euskaraz gutxi. Eremu estrategikotzat identifikatu genuen UEUn orain dela hamabi urte eta orduan gure lehen graduondokoa antolatu genuen. Harrezkero alor horretan dagoen euskarazko eskaintzaren apurra ia osorik UEUren eskutik sortua izan dela esan dezakegu. Orain, iazko bideari eutsirik, UEUk graduondokoen eskaintza bultzatzeko konpromisoa berretsi du, 2012-2013ko hiru graduondokoez gain berri bat ere eskainiz eta, noski, euskarazko master ofizialetan lagunduz. Horrela, urtez urte gutxinaka zabaltzen joateko asmoa du UEUk.
Eta bai, gai berritzaileak dira titulazio horietan eskaintzen ditugunak, ez dago zalantzarik. Ikus ditzagun banaka.
Hazkunde esponentziala duen mundu honetan (biztanleria, energia, zaborra, plastikoak, lehengai ez organikoak, metalak...), aldaketa guzti-guztietan hondakinak sortzen direnez... Hondakinen Kudeaketa eta Tratamendua funtsezkoa da. Zelan aurre egingo diogu sortzen ari garen hondakin kopuru handi horri? Alderdi ekonomikoak, politikoak, juridikoak, teknologikoak eta praktikoak lantzen ditugu titulu horretan.
Mundu globalizatu honetan itzulpenen beharra askoz handiagoa da. Bitartean teknologia berrietatik ekarpen lagungarriak sortu izan dira azkenaldion: itzulpen proiektuen kudeaketa, lokalizazioa, ikus-entzunezko itzulpengintza, corpusak, ordenagailuz lagundutako itzulpena, eta itzulpen automatikoa. Teknologia berrietan prestakuntza eta espezializazioa bultzatu nahi ditu Itzulpengintza eta Teknologia tituluak, lan merkatuaren erronka berriei erantzuteko gai izango diren itzultzaile profesionalak prestatzeko. EHUko sail bik gidatuta (Itzulpengintza eta Interpretazioa, eta Lengoaia eta Sistema Informatikoak) antolatu dugu, hizkuntza-teknologiako hainbat enpresaren laguntzarekin.
Euskal Herriko panorama akademikoan euskal pentsamenduaren eta Kultur Ikasketen arteko uztarketa gauzatzen den lehenengo proiektua da Euskal Herriko Pentsamendu Kritikoa XX.-XXI. Mendean titulua. Euskal pentsamendua Euskal Herriko ikuspegitik eta euskaraz lantzeko aukera eskaintzeaz gain, atzerriko pentsamendu korronteen eta autoreen ekarpenak ustiatuz euskal pentsamendu berria sortzea ahalbidetzen du. Ikuspegien aniztasuna da nagusi, diziplinen pluraltasunari dagokionez eta baita gaiei dagokienez ere: filosofia, historia, soziologia, antropologia, abertzaletasuna, ETA, marxismoa, queer, ekologismoa, herri eraikuntza, euskal literatura, musika eta artea... Eta honekin batera urteetan zehar akademiaren partetik beharrezko aintzatespenik gabe euskaraz lan intelektual eskerga egin duten euskal autoreen lana: Mirande, Txillardegi, Joxe Azurmendi, Rikardo Arregi, Karlos Santamaria... EHUko sail bik (Soziologia eta Politika eta Administrazio Zientziak) eta UEUko beste bik (Soziologia eta Filosofia) puntako irakasle eta idazleak koordinatzen dituzte titulu honetan.
Europako Unibertsitate gutxitan ikas daiteke lurralde eta paisaiaren planifikazioa, kudeaketa eta antolamendua. Horren ildotik, geografoek, arkitektoek, ingeniariek, anbientologoek, biologoek, geologoek, soziologoek, historialariek, abokatuek, ekonomialariek eta bestelako teknikari eta profesionalek parte hartu izan dute azken urteotan. Horiei guztiei eskaintzen zaie honako berezko titulu hau Euskal Herriko geografian espezializatua. Iparraldean dagoeneko araututa, planifikatuta, antolatuta eta kudeatuta dagoen gaia da; EAEn, gaur egun, alderdi nagusiek adostutako lege aurreproiektua dago Florentziako Itunaren postulatuak jasotzen dituena eta, seguru aski gutxi barru onartuko dena; horrez gain, aitzindaria izan den deialdi baten ondorioz, paisaiaren hiru katalogoren aurretiazko garapena martxan dago (Enkarterriak, Arabako Errioxa eta Urola-Kosta), eta gainerako eremu funtzionalekin eta haien xedapenekin (jarraibideak) osatu behar izango dira, aipaturiko arloetako plan partzialak ezartzen direnean. Nafarroan, bestalde, gaur egun ez dago horren inguruko ekimen argirik, baina Espainiako estatuko gainerako eskualdeak gaiaren inguruko legeak eta planifikaziorako, antolamendurako eta kudeaketarako figura eta prozesuak garatzen joango diren heinean, Nafarroak ere antzera jokatu beharko du.
Listo, horiexek dira aurten euskaraz eskaintzen ditugun gai berritzaileak. Datorren urtean ere, gutxika zabaltzen joateko asmoa du UEUk.
Esan orain gurekin #NiereUEU, eta lagundu, mesedez, aurtengoa eta datorren urtekoa bideratzen.
Matrikulazio-epea zabalik duzu graduondoko horietan irailaren 20ra arte. Urte osoa daukagu baina eskaintza berriak aztertzeko eta bideratzeko.