GARA > Idatzia > Kirolak> Txirrindularitza

Amets TXURRUKA | Caja Rural taldeko txirrindularia

Azken traka

 

Su artifizialetan gertatzen den legez, Espainiako Vuelta honetan ere intentsitatea areagotuz doa bukaerara gerturatu ahala. Burgosko etapan haizeak izan zuen errua, eta ondorengo egunetan, mendia tarteko, topera gabiltza.

Aipatutako egunetako etapa hauetan azken traka ez da bukaerara soilik mugatzen. Tropelaren aurrean doan epaileak banderatxo gorria jaisten duen unetik hasten da eztanda hotsa: dinbi-danba! Erasoa erasoaren atzetik etorri ohi da eta irteera oso intentsoak izan ohi dira. Gutako askok badakigu horretan sartzea dela etapa garaipenerako aukera bakarra. Azken egunotan indarrak oso justu daudenez, ihesaldi hori deuseztatzea ere zaila izaten ari da. Hastapeneko su horren ondoren aurreko taldetxoan sartzea eta bizirautea lortzen dutenen artean egoten da etapa garailea askotan. Hori bai, hasierako galbahe hori pasatu ondoren, aukeratuen taldean egonda ere, betiko galdera dator burura: zer eta nola egin dezaket guzti hauek baino azkarrago iristeko helmugara?

Saiatu, saiatu naiz egunotan, baina atzo ez zidan gorputzak lagundu. Tripetako minez nengoen eta ihesaldian sartu nintzen arren, hankek esaten zidaten ez zela nire egunik onena. Eguna ahalik ondoen libratu ondoren, azken igoerara garaipenerako aukerak galduta baina atzekoengandik abantaila dezentearekin iritsi ginen. Hala ere, sailkapen nagusikoen eraso-festa hasi zenean, helmuga marratik oso gertu, tropeleko agureak harrapatu ninduen. 42 urte betetzear den gizon honek daukan indarra bai dela traka!

Gaurko etapak ere atzokoaren antzeko gidoia izan du. Lehengo kilometrotik piztu da sua. Hala ere, gaurkoan ezberdintasuna izan da hasierako traka azkenarekin elkartu dela, atsedenik gabe intentsitate oso altuko etapa gaurkoa, ordu erdi inguruko aurrerapenarekin iritsi garela ikusi besterik ez dago. Eta burrunbada honetatik atarramendurik handiena atera dutenak, Purito ttikia eta 42 urteko snickers eta hanburgesa jale xelebrea. Markelek atzo esaten zuen moduan «ez da posible» leloa «posible da» leloagatik aldatzeko moduan daudela uste dut.

Bukatzeko hiru ohar txiki:

- Zurrumurruek diote, Horner eta Scarpa, nire laguna, Alonsoren talde berrian egon daitezkeela. Galdetu egin diot italiarrari eta berak beti bezala adar jotzen esan dit jada Vettel eta RedBull-ekin sinatua duela! (Egia esan egunotan gabiltzan abiadurarekin F1-eko ingeniariak beharko ditugu laster errepidetik hegaz ez irteteko!)

- Herenegun esandako Ferran Adriá handiaren barritatxo bat dastatzeko aukera izan dut Imanol Ervitik eskainita. Egia esan, ikaragarria zegoen!!

- Azkenik, Markel bihar ez hadi emozionatu tropeletik tiraka, ezagutzen gaituk eta! (Liderra taldean duenean tiraka jartzen da eta tropel guztia eztandarazten du).

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo