GARA > Idatzia > Euskal Herria

eh jaietan

Altsasuko jaiei hasiera emateko, herriko txistulariei omenaldi berezia egin diete

Altsasuarrek atzo ekin zieten herriko jaiei, herriko txistulariei omenaldi berezia eskainiz. Datozen jai egunetarako, hainbat ekitaldi izango dira, non janak, edanak eta musikak tarte berezia izango duten.

p021_f03_74044.jpg

Aitor AGIRREZABAL | ALTSASU

Altsasuko herriak bere txistulariei omenaldia eskaini zien jaien hasieran, PSEk txupinazoa bota eta festei hasiera ofiziala eman ostean.

Txupinaren aurretik ere, jai giroa arnasten zen Altsasun. Eguna hasteko, ohi bezala, azken urtean jaiotako haurrei zapia banatu zieten, festei behar den moduan ekiteko. Bien bitartean, gazteek, baina jaiak dagoeneko beste modu batean ospatzen hasiak direnek, hamaiketakoa egin zuten herriko gaztetxean, indarrak hartzeko asmotan edo.

Sabela betetzea ezinbestekoa da edozein jai egunetan, eta goizeko lehen tragoen ostean, preso eta iheslarien omenez, bazkaria prestatu zuen Altsasuko herri mugimenduak. Jaietan egoterik ez dutenen omenez, bizilagun mordoa gerturatu zen jan, edan eta errepresaliatuen itzulera aldarrikatzeko asmotan. Jaietan ere borrokarako tartea dagoela gogoratu nahi izan zuten altsasuarrek.

Arratsaldean, adin guztietako sakandarrek izan zuten plan desberdinak osatzeko aukera. Haurrek jokoez, antzerkiaz eta akrobaziaz gozatzeko parada izan zuten. Bitartean, helduagoek poteoan eta peñen jaitsieran parte hartu zuten.

Aurtengo jaietan toki berezia gordea zioten ostiral gauari. Herriko Burunda pilotalekuan profesionalen arteko pilota partida egin zuten, eta ez nolanahikoa, gainera. Irujo eta Zabaleta, Joseba Ezkurdiaren eta Aitor Zubietaren aurka. Hiru sakandar, luxuzko gonbidatu batekin. Frontoiko pilotakadak atsegin ez zituenak, kalean ere bazuen musika eta festa nahikoa. Bad Sound Systemekin batera, Herrialde Katalanetako KOP taldeak, bere «Sols el poble salva el poble»-rekin, girotu zuen Altsasu. Musika ez da hor amaituko, ezta jaietako kontzertu eskaintza ere. Igande gauean, Gozategik jarriko ditu dantzan bai altsasuarrak eta bai bertaraino gerturatutakoak ere. Plan falta, beraz, ez da izango.

Kontzertu horietan ibilitako baten bat harrapatuko dute gaurko dianek. Goizeko bederatzietatik ibiliko dira kalean gora eta behera eta parrandatik etxerako bidea aurkitu ezinik dabilen bat baino gehiago aurkituko dute. Dantza, tragoren bat eta... berriz ere bazkaltzera. Behar bezalako hamaiketakoa hartu arren, herri bazkaria gaur ere ez da faltako. Ezin falta.

Arratsalderako, eta iragan abuztuaren 31ko Ospa Eguneko gertakarien ostean, non Guardia Zibilak herria hartu zuen urteetan egin den jai egun bat eragoztearren, «Alde Hemendik» poteoak zeharkatuko ditu herriko taberna, txosna eta txoko guztiak, herriaren nahia helarazteko helburuz.

GOZATEgi

Atzokoan Bad Sound System eta KOPek eman zuten kontzertua, eta bihar, aldiz, Gozategik jarriko ditu dantzan Altsasuko bizilagunak, 22.00etatik aurrera, Foruen plazan. Musikak, jaietan ere, txoko nabarmena du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo