Malenkoniak Arrasaten aurkeztuko du gaur «Homo homini lupus» disko berria
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Lau urteren ondoren eta laukote formatuan, disko berriarekin bueltatu dira Malekonia oñatiarrak. «Hegazkadak dakar ekaitza» izan zen lehenengoa, seikote moduan osatua, eta bigarrena «Homo homini lupus» (gizakia otsoa da gizakiarentzat) latinezko esaerarekin izendatu du Alain Antonek (baxua), Iñaki Goitiak (bateria eta hitzak), Rober Ferreirok (ahotsa eta gitarra) eta Iñigo Ugartek (gitarra) osatzen duten laukoteak.
«Esaldiak gaurkotasun handia duela uste dugu, ikusten da zelako kalteak egiten dizkion gizakiak gizakiari, dekadentzia garaia da, totalitarismoak, kapitalismoak, arrazismoak... eta gainerako `ismo' guztiek zelako kaltea ekarri dioten gizakiari», azaldu zuen Goitiak. «Hitz batean esanda, behinola gizakia ez zela zuhaitzetik jaitsi, erori egin zela baizik», erantsi zuen.
Andoni Correasek eta Erik Zubiriak taldea utzita, piano eta biolinaren faltan, ezinbestean aldatu da Malenkoniaren soinua, nahiz eta «aurreko estiloari fidel» jarraitu duten pop rock melodikoa jorratuz. «Joera hartu dugu konponketa minimalistagoak egiteko. Denborarekin eta eman dizkiguten aholkuekin konturatu gara askotan hobe dela horrela detaile bat apreziatzeko. Aukeraketa zehatzagoa egin dugu», azaldu zuen Ugartek. «Musikak berak duen isilunearen garrantzia» topatu nahi izan dute Ferreiroren arabera. Hala ere, Zubiriak biolinak grabatu ditu zenbait kantutan.
Zortzi abestik osatzen dute «Homo homini lupus» eta Mutrikuko AME estudioetan grabatu dituzte, Axular Arizmendi gidari zutela. «Joko asko eman digu lau instrumentu izateak. Lan egiteko erraztasun handia eman digu», azaldu zuen Ferreirok.
«Ipar arrotza» kantuaren bideoklipa ere osatu dute Kepa Aranbururekin eta orain zuzenekoei begira jarri dira. Lehenengoa gaur bertan izango dute Arrasateko Erguin auzoan, 23.00etan.