Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria
Inmigrazio literatura (I)
Galderak sinple askoa ematen du, maltzurkeriarik gabekoa, atzerritartzat hartua den eta atzerritarren ikuspuntuaz idazten duen idazleari egin ohi zaizkion galdera horietakoa. «Zein izan da, maila pertsonalean zein zure idazketari begira, eragin gehien izan duen immigrazio nobela?». «Immigrazio literatura» zehazki zer den ez dakiela erantzun du Jhumpa Lahirik (Nilanjana Sudeshna benetako izenez, Londres, 1967). AEBetako mundu akademikoan puri-purian dagoen kontzeptua dela ondo baino hobeto daki, AEBetan jaio ez baina bertan hazi edota bizi diren (edo ziren) eta immigrazioaren gaiaz idazten duten egileen lana definitzeko erabilia, baina kontua ez da hori. Edo bada. «Idazleek beren munduei buruz idazteko joera izan dute beti». Munduak esaten du, pluralean. Idazle asko toki batean jaio baina beste nonbait bizitzera joaten dira, nahita zein halabeharrez, eta esperientzia horri buruz idazten dute. «Liburu jakin batzuei immigrazio nobela izendapena ematen bazaie, nola deitu gainerakoak? Tokikoen literatura? Puritanoen literatura? Bereizketa horrek ez nau asebetetzen. AEBen historia aintzat hartuta, AEBetako literatura osoa izenda daiteke immigrazio literatura. Hawthornek immigrazioaz idazten du. Beste horrenbeste Willa Catherrek». Literaturaren hastapenetik, poetek eta idazleek mugen zeharkatzean, batetik bestera ibiltzean, erbestean, ezaguna denetik harantzago dagoen horretan oinarritu dute beren idazketa. Atzerritarra (kanpotarra eta ezezaguna dena aldi berean) arketipo bat da poesia epikoan, nobelan. «Alienazioaren eta asimilazioaren arteko tentsioa oinarrizko gaia izan da beti».