GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Ernai kriminalizatu nahi dute», diote Solabarriarekin inputatutako sei gazteek

«Terrorismoari gorazarre» egitearen inputazioarekin Ernai kriminalizatzeko erabakia dagoela salatu zuten atzo gazte erakundeko kideek. «Guardia Zibilaren informea irakurtzea besterik ez dago», nabarmendu zuten.

p016_f03.jpg

Nerea GOTI | BILBO

Periko Solabarria ezker abertzaleko militante historikoarekin batera inputatutako sei gazteek argi dute Gazte Danbadako mitinagatik jaso duten «terrorismoari gorazarre» egitearen inputazioaren atzetik Estatu espainolaren helburu garbi bat dagoela: «Ernai kriminalizatzea». Salaketa Bilbon egin zuten atzo Ernaiko sei kidek Solabarriarekin batera, bihar deklaratzera deituta baitaude Auzitegi Nazional espainolean Barakaldoko militantea eta Mikel Button gaztea.

Gogoratu zutenez, «Xabier Lopez Peñaren erailketaren salaketaren harira» jaso zuten Eloy Velasco epailearen inputazioa, baina «Guardia Zibilak osatutako txostena irakurri besterik ez dago», esan zutenez, inputazioa «aitzakia hutsa» dela konprobatzeko: «Helburu bat eta bakarra da, gu kriminalizatzea».

Gotzon Elizburu eta Irati Sienra gazte erakundeko kideek adierazpen bat irakurri zuten euskaraz eta gaztelaniaz, hurrenez hurren, Estatu espainolaren estrategia biluzteko. «Desio dugun etorkizuna gaurdanik gauzatu nahi dugu, orain eta hemen erabakiko dugu, gure buruen eta geure herriaren oraina zein geroaren jabe izan asmo dugu» eta «determinazio eta nahi horixe da, hain zuzen ere, antolatzera eta borrokatzera garamatzana», adierazi zuten.

Eraso hau beste batzuen ondoan jarri zuten Ernaiko kideek, Estatuaren jokabidearen adibidetzat hartuta. Hurrengo hilabeteetan 76 euskal herritarren aurka izango den epaiketa, jada epaituak izan diren hiru bilbotar grebalarien aurkakoa edota «ezkutatzera behartuak izan diren Luis [Goñi] eta Xapo [Xabier Sagardoi]» gazte barañaindarren kasua aipatu zituzten. Baina «erratuta daude honela euren sistema ekonomiko zein politikoa betikoz mantentzea lortuko dutela uste badute», adierazi zuten.

Ernaiko sei inputatuetako batzuk jada deituak izan dira deklaratzera. Bihar Solabarria eta Buttonen txanda izango da Eloy Velasco epailearen aurrean. «Madrilera goaz oraingoan, baina lekuz kanpo dagoen bidaia izanda ere, ohore bat da guretzat Periko Solabarriarekin egitea», aitortu zuten gazteek.

Solabarriak berak gazteen ondoan hartu zuen parte kalean egindako agerraldian. Ernaiko elastikoa jantzita, gazteen errekonozimendua eskertu eta «gazte hauekin egoteaz oso harro» dagoela esan zuen. «Lokatza zapaltzen egin dugu prentsaurrekoa, kalean eta euripean, horrelakoa da gazte mugimendua, ez alfonbra baten gainekoa, horregatik uzten du oinatza», adierazi zuen. Gaur Barakaldon, elkarretaratzea deitu dute herriko elkarte ugarik Solabarriari elkartasuna adierazi eta inputazioa salatzeko.

PERIKO gaztea

«Arrazoi zuten hainbat titularrek, zazpi gara eta ez sei Velascok inputatutako gazteak», adierazi zuten Ernaiko sei auzipetuek, baita nabarmendu ere Periko Solabarriaren ondoan egin beharreko bidaia, «lekuz kanpo» egon arren, «ohore bat» dela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo