GARA > Idatzia > Mundua

Filipinetako Zamboanga hiriko poliziaburua askatu du MNLF gerrillak

Gerrillari musulmanek Zamboanga hiriko poliziaburua aske utzi zuten, Filipinetako hegoaldean segada batean atzeman ostean. Nazio Askapenerako Fronte Mairuak duela astebete okupatu zituen Zamboangako barruti gehienen kontrola galdu duela esan zuen Manilak.

p023_f01_199x116.jpg

GARA | MANILA

Nazio Askapenerako Fronte Mairuak (MNLF) Zamboangako poliziaburua, Jose Chiquito Malayo, atzeman zuen atzo segada batean. Arena Blanco deritzan eremura zihoan bere bizkartzainekin, gerrillariak armak uzten edo eremutik erretiratzen ari zirela zioten albisteak bertatik bertara egiaztatzeko.

«Bai Malayo bai bere bi bizkartzain gure gerrillarien eskuetan daude. Gerra-presoa da guretzat», adierazi zuen MNLFko bozeramaile Emmanuel Fontanillak. Hortik ordu batzuetara, Barne Ministerioak aske zegoela iragarri zuen.

Duela astebete, MNLFko 180 bat gerrillarik Zamboangako hainbat eremu kontrolpean hartu zituzten. Geroztik, 82.000 bat pertsonak ihes egin dute gerrillaren eta Armadaren arteko erasoengatik eta 850 etxe hondatu dira. Mindanao irlan kokatuta dagoen kostaldeko hiri horrek milioi bat biztanle ditu.

Armadak gogor eraso du gerrillarien aurka, lurretik zein airetik. Benigno Aquino presidentea bertara joan zen, egoera gertutik jarraitu ahal izateko.

Duela hilabete, MNLFren sortzaile izan zen Nur Misuarik Mindanao eskualdearen eta hegoaldeko beste irla batzuen independentzia aldarrikatu zuen. Talde armatua Gobernuak Askapen Islamiarrerako Fronte Mairuarekin (MILF) hasi zuen elkarrizketa prozesutik at utzi izana ere salatu zuen. 1996an bake hitzarmena sinatu zuen Gobernuarekin, baina bost urteren buruan, borroka armatua hasi zuen berriro Misuarik Mindanao Musulmanaren Eskualdeko gobernadore izateko hauteskundeak galtzear zituenean.

MILF MNLFren barne zatiketa baten ondotik sortu zen 1984an. Iazko urrian, Manilarekin bake hitzarmena sinatu zuen. Adostutakoaren arabera, Aquinoren agintaldia bukatu baino lehen (2016an) Bangsamoro -«musulmanen herria»- deituko den eskualde autonomoa sortzeko konpromisoa hartu zuen Gobernuak. Filipinetako hegoaldean, musulmanak gehiengoa diren eremuak bilduko ditu.

Adituen esanetan, ekintza armatu horrekin, MNLFk elkarrizketa horiek zapuztu nahi ditu zokoratuta sentitu dela-eta.

34 gerrillari hilda

Filipinetako Armadak astelehenetik MNLFko 34 gerrillari gutxienez hil dituela esan zuen atzo. Zamboangatik ateratzen hasi zirela adierazi zuen, eta erasoaldia ez dela amaitu ohartarazi zuen. Gatazka armatuak 120.000 hildako eragin ditu azken 40 urteetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo