GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Ariane Kamio Kazetaria

Tra(d)izioaren izenean

Tradizioaren izenean soineko dotorez jantzitako panpinak oparitu zizkiguten, asko iletsuak eta buruhandiak, orrazten «ikasteko» aproposak ziren horietakoak. Mantala arrosa eraman genuen ikastolara, eskuinaldean amak brodatutako izena zeramana. Gehienez berdeak ziren arrosatik ihesean geundenen kolorerik «aurrerakoiena», «urdina ezta pentsatu ere!». Igandeetarako arropa berezia geneukan armairuan: blusa zuri eta loredunak, panazko galtzak eta zapatak. Ezin hamaiketako mezetara bestelako janzkerekin joan.

Tradizioaren izenean, etxeko lanetan aritzen irakatsi ziguten. Sukaldean ez bazen, garbigailua jartzen, arropa zabaltzen eta ondoren lisatzen, komunak garbitzen, bazkalosteko mahaia jasotzen. Udako egun sargorietan azokara laguntzen genion amari eta haiek bukatuta elkartzen ginen auzoko haurrekin, anaia zaharragoak gosaria ozta-ozta hartuta aspaldian alde egin bazuen ere.

Tradizioaren izenean, emakumeak eta gizonezkoak alde banatan esertzen gara mahai inguruan. Haurren gorabeherak, lagunarteko kontuak eta etxeak dakarren lan zamatsua izaten dugu hizketagai, usu. Aurrean daukagun edalontzian kafeak, ura edo belarrez egindako likore kopatxo bat gehienez.

Tradizioaren izenean, goizean haurrak prestatu eta haiekin irteten gara kalera, mutil dantzetara, zubi gainekora, alardera, ezpata dantzara... Eta ileak tente nabari ditugu beso aldean momentu batez.

Tradizioaren izenean, urte askoan gizartean indarrean egon diren ohitura, rol edo inertziei eusten diegu, maiz ur nahasietan joatean bezala, abiadura ezin geldi, norabide behartuan baitoa geure burua. Ikusten dira noizbehinka errekan gora doazen zenbait eta gutako askok ere egin dugu haiek bota diguten sokari lotu eta burua norabidez aldatzeko saiakera zintzoa. Baina askotan, gehiegitan akaso, ohartu gara dezente eramangarriagoa dela esku batez sokari heldu eta gorputza ur gainean hilik uztea, aurrerantz, aurreraegi joan gabe, atzeraka ere joango ez garelakoan. Tradizioaren izenean egiten dira asko, geure buruari traizio egiten badiogu ere. [@arianekamio]

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo