BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIA
Bertsoa, «apainduren» beharrik gabe
Irailaren 29an Villabona-Amasan hasi eta abenduaren 15ean Barakaldon amaituko da lau urtetik behin ospatzen den Bertsolari Txapelketa Nagusia. «Bertsoa eta bertsolariak egiten duen lana» izango ditu oinarri aurtengo edizioak, «bestelako adornu eta lore gehiagorik gabe». 43 bertsolari ariko dira kantuan, hamalau saiotan banatuta. 2009ko finalistak, Egaña izan ezik, finalaurrekoetan sartuko dira lehian, eta Lujanbio txapelduna finalean izango dute zain.
Ane ARRUTI | BILBO
Bertsoa bera hartu nahi du oinarri eta erdigune aurtengo Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Atzean gelditu dira emozioen gorabeherak irudikatzeko erabilitako suitzar mendi edo Dragon Khan-ak eta lau urtetik behin ospatzen den hitzordu hau identifikatzeko lelo edo esloganak. Horixe dute behintzat helburu Bertsozale Elkartean, bertsolaritzaren oinarri den bertsoari behar duen tokia ematea. «Soiltasunetik azaldu nahi genuke, bertsoa eta bertsolariak egiten duen lana direlako oinarri eta etekin Txapelketa Nagusiarenak, eta horri eman nahi genioke garrantzia, bestelako adornu eta lore gehiago gabe», adierazi zuen atzo Iñaki Muruak, Bertsozale Elkarteko lehendakariak, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan egindako agerraldian.
Eta argazkia ere, bertsolaritza sustatzen lanean diharduen Bertsozale Elkarteko ordezkariekin egin zuten. Ondoan izan zituen Muruak Jokin Castaños, Bertsolari Txapelketa Nagusiaren arduraduna, eta Bertsozale Elkartea osatzen duten bost elkarteetako lehendakariak: Joana Itzaina (Ipar Euskal Herria), Ekaitz Elorriaga (Araba), Alaitz Rekondo (Nafarroa), Saroi Jauregi (Gipuzkoa) eta Asier Ibaibarriaga (Bizkaia). «Sekula baino `elkarteagoko' argazkia», bota zuen Muruak. «Lau urte pasa dira gobara hitza zer zen ez genekiela Maialenek utzi gintuenetik», gogoratu zuen, «gizartea ordutik hona krisi eta gaurko giroa bezain triste dagoela esango nuke. Baina krisia ez da ekonomikoa bakarrik. Guk uste dugu sormenean ere badagoela krisi bat eta horri astindu bat eman nahian dator txapelketa nagusi hau. Lortzea epaile, aurkezle, gai-jartzaile, bertsolari eta bertsozaleon esku dago, denon esku».
Duela lau urte bezalaxe, Euskal Herri osoan banatutako hamalau saio izango ditu txapelketak. «Intentzio osoz hautatutako herriak dira, gune bertsozaleak eta mugimendua sortzen ari den herriak tartekatuko dira. Txapelketaren helburua eragitea delako», esan zuen Castañosek. Villabona-Amasan hasiko da, elkarteak bere egoitza nagusia duen tokian, herriari emandako guztia eskertu asmoz. Ondoren, Markina-Xemein, Hendaia, Altsasu, Legazpi, Oion, Gernika-Lumo, Tolosa, Oiartzun, Murgia, Elizondo, Donostia, Maule-Lextarre eta Barakaldo izango ditu geltoki txapelketak. Markina-Xemeinen bertso eskolen eguna ospatuko da gainera saioaren egun berean, urriaren 5ean.
Guztira 43 bertsolarik hartuko dute parte txapelketan: Arabatik 2, Bizkaitik 11, Gipuzkoatik 21, Nafarroatik 4 eta Ipar Euskal Herritik 5, aurretik herrialde bakoitzeko txapelketetatik sailkatuak. Iñigo Izagirre itziartarrak ez parte hartzea erabaki duenez, Iñaki Zelaia hernaniarrak hartuko du bere lekua Gipuzkoatik. Gai-jartzaile lanetan 14 lagun ariko dira eta 16 epaile lanetan.
Lehenengo sei kanporaketa saioetan seina bertsolari arituko dira kantuan. Saio hauetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira finalaurrekoetako lehenengo itzulira, eta sei horiez gain beste hamabi bertsolarik puntuazioaren arabera egingo dute aurrera. Bertan batuko zaizkie duela lau urte finalistak izan ziren Amets Arzallus, Unai Iturriaga, Aitor Sarriegi, Jon Maia, Aitor Mendiluze eta Sustrai Colina. Final hartan iragarri zuen bezala, lau alditan txapela jantzi duen Andoni Egaña ez da aurten txapelketan izango -«izenik ez du eman baina aulkiak jartzeko konpromisoa hartu zuen eta zain gaude denok», gogoratu zuen atzo Iñaki Muruak-.
Bi itzuli izango dituzte finalaurrekoek, lau saio lehenengoan eta hiru bigarrengoan. Lehenengo itzuliko saioetako irabazleak zuzenean sailkatuko dira bigarrengora baina finalera sailkatzeko bi saioetan izandako puntuak hartuko dira kontuan. Hau da, baliteke bigarren itzuliko norbait saioetako batean irabazle suertatu arren, finaletik kanpo gelditzea. Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren egingo dira azken hiru saio hauek eta kalkulagailuak sutan izango dira, beraz, azaroaren 30ean finala erabakiko den Zuberoako azken saioan.
Maialen Lujanbio 2009ko txapelduna kantuan entzuteko, berriz, abenduaren 15era arte itxaron beharko da, txapelaz gain, BECeko eserleku bat erreserbatuta utzi baitzuen duela lau urte.
Iñaki Murua pozik azaldu zen atzo, BECeko oholtza gainean, 14.000 ikusleren aurrean, belaunaldi berri bat izango delako, bere garaikiderik gabe. «Eskertzen diot Andoniri plazan larrua utzita joan izana», esan zuen. «Gure faltan ere jendea ondo ari dela egiten ikustea, lanean ari garenontzat pozgarria da», erantsi zuen.
Sarrerak eskuragarri
Duela lau urte sekulako arrakasta izan zuen txapelketak eta finalerako sarrerak aste batzuk lehenago agortu ziren. Bere tokia ziurtatu nahi duenak dagoeneko badu aukera, eskuragai baitaude saioetako sarrerak Interneten. www.bertsosarrerak.eu atarian eskura daitezke, oraingoz kanporaketetako eta finalerako sarrerak. Finalaurrekoetakoak urriaren 14tik aurrera izango dira salgai.
Bonuak ere izango dira 65 euroan, 45 bazkideentzat -bertan ez da finaleko sarrera sartuko- eta autobusak ere antolatuko dira herrialde ezberdinetatik. Txapelketaren informazio guztia www.bertsozale.com atarian eguneratuz joango dira.
Kanporaketetarako eta finalerako sarrerak Bertsosarrerak.eu atarian salgai daude dagoeneko. Finalaurrekoetakoak urriaren 14an jarriko dira. Zenbait herritan ere eskura daitezke. Bertsozale.com atarian ikusgai dago non.
Finalaurrekoek bi itzuli izango dituzte; lehenengoan lau saio eta bigarrengoan hiru. Finalera sailkatzeko bi saioetako puntuak hartuko dira kontuan. Elizondon, Donostian eta Maule-Lextarren jokatuko dira bigarren itzuliko saioak.
Euskal Herriko nahiz atzerriko aditu asko dira bertsolaritza aztergai dutenak eta horietatik hamalauk Txapelketa Nagusira bideratutako gogoetak egingo dituzte datozen hilabeteetan. Horien artean izango da bertsolaritzaren inguruan doktorego tesia egin duen Jexux Larrañaga. Ondorioak www.bertsozale.com atarian argitaratuz joango dira. Bestalde, atzerriko inprobisatzaileen bisita ere espero dute txapelketa amaiera aldera. A.A.
Info7 irratiak eta Bertsoa.com atariak zuzenean eskainiko dituzte saio guztiak; «Hitzetik hortzera» saioak txapelketari buruzko monografikoak eskainiko ditu igande eta astelehenero. Bertsozale.com izango da orrialde ofiziala eta #btn13 hashtag-a Twitterren.
Lelorik ez baina sintonia izango du txapelketak. Bixente Martinezek, Amaiur Cajaravillek eta Hasier Oleagak osatzen duten Igelaren banda taldeak egin du. Jazz kutsuko kantu instrumentala da, herri-musika eta doinu garaikideak uztartzen dituena.