Txapelketa Nagusia: Bertsolaritzak merezi duen arreta bereganatuko duen hiru hilabete
Lau urte joan dira azken Bertsolari Txapelketa Nagusitik, historikotzat jo litekeen hartatik. Historikoa, lehen aldiz txapela emakume batek jantzi zuelako besterengatik ez bada ere. Zorionez, emakume bertsolariak izatea ez da atzo goizeko kontua, ezta salbuespen gisa ere, baina txapelketa hartan emakume bertsolarien maila gizonezkoenaren parekoa dela frogatuta geratu zen modu «ofizialean». Berezia eta hunkigarria ere izan zen 2009ko hura, aurreko lau txapelketetan, 16 urtean, txapeldun izandakoa burua estali gabe atera zelako besteak beste.
Lau urte joan dira, baina ez bertsorik gabeko lau urte, jakina, txapelketan 43 bertsolarik parte hartuko badute ere, askoz gehiago baitira plazetan, tabernetan zein eskoletan bat-bateko hitza arte bihurtzen jarduten dutenak, denek 43 horiek besteko arreta bereganatuko ez duten arren, arreta hori eta gehiago merezi duten arren. Nolanahi ere, bertsolaritzak merezi duen arreta bereganatuko du datozen hiru hilabeteotan. 2013ko txapelketak badu hasiera data, hamarren bat egun barru, Villabona-Amasako kanporaketan. Abenduaren 15ean, berriz, amaiera, BECen. Historikoa zein ez, ikusgarria.