Euskal kultura ulertzeko «hiztegia» kaleratu dute Elkar eta Arteaz argitaletxeek
Euskal kulturaren iragana eta oraina ulertzeko gakoak eman nahi dituen «Dictionnaire de culture et civilisation basques» liburua kaleratu berri da. Hamahiru adituk parte hartu dute lana osatzen.
A.B. | BAIONA
Ipar Euskal Herriko hamahiru aditu bildu dituzte Elkar eta Arteaz argitaletxeek, Euskal Kultur Erakundearen partaidetzarekin batera, kaleratu berri duten «Dictionnaire de culture et civilisation basques» (Euskal kulturaren eta zibilizazioaren hiztegia) osatzeko. Arteaz, 2000. urtean argitaratu liburuaren berrargitalpen bat bada ere, edukiaren aldetik «gaurkotu» eta «modernizatu» egin dutela zehaztu zuen Peio Etcheverry-Ainchart Elkarreko ordezkariak. «Liburuak euskal kulturaz ikuspegi errepresentatiboa eta modernoa ematen du. Euskal kultura izan da, bada eta izanen dela adieraztera eman nahi du», nabarmendu zuen. Mikel Dalbret artista, Mikel Duvert eta Thierry Truffaut antropologoak, Claude Labat historialaria, Maite Lafourcade euskal zuzenbidean aditua edo Luzien Etxezaharreta idazlea dira besteak beste liburua idazten parte hartu dutenak.
«Bulgarizazio liburu bat da lekukoek beraien historia eta kultura hobeki ezagutzeko, eta kanpokoek ere irakurri ahal izateko. Testuak nahiko sinpleak dira, eta kulturaren ezagutzan urrunago joateko gakoak ematen ditu», gehitu zuen, bere aldetik, Claude Labatek.
Zirkulu bat osatzen
Izenburuak hala adierazten badu ere, Elkarrek, Arteazek eta EKEk kaleratu azken liburu hori ez da hiztegi arrunt bat bezala egituratua. Forma azaltzerakoan, atal bakoitza gai bati lotua zela argitu zuen, eta guztiak «zirkulu joko baten» modura elkarri lotuak direla.
Lehen atalean euskararen historia azaltzeaz gain, Xarles Videgain euskaltzainaren eskutik, «sarrera linguistikoa» ere gehitu diote. Ondotik atalez atal, etxea, herria eta artea biltzen dira. Atal bakoitzean azpiatalak daude, hala nola erlijioa, ondarea, arkitektura, familia, jaiak, mitologia, dantza, literatura eta arte plastikoak. Liburua euskaraz argitaratzeko asmoa du Elkarrek. «Idazle gehienak ez ziren gai euskaraz idazteko. Frantsesaren hautua egin behar izan dugu», azaldu zuten.