GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Lan segurtasun eta prebentzio neurriak, konpondu gabeko arazo larri eta zaharra

Lan Arriskuak Prebenitzeko Lege berria 1995tik dago indarrean. Hamazortzi urte horietako balantzea benetan latza da: bi milatik gora hildako, amiantoa erabiltzearen ondorioz hildako langile ohiak kontatu gabe, denbora horretan izandako milioi batetik gora istripuetatik, 11.000 eta gehiago larriak... Datu horiek lan segurtasun eta prebentzio neurrien falta agerian uzten dute. Osalanek 2012ko datuak eskaini zituen atzo eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak esan zuen euskal enpresek %13 murriztu dituztela istripuak. Nabarmena da, izan ere, krisiaren ondorioz behera egin dutela, baina datuak ez dira balantze positiboa egiteko modukoak. Sindikatuek diotenez, kausak beren horretan diraute, hala nola prekarietatea eta lan erritmo gogorrak, eta azken asteotan lan istripuen ondorioz izandako heriotzak horien erakusgarri deitoragarria izan dira. Prebentzio teknikariek, bestalde, gaixotasun profesionalak ugaldu egin direla nabarmendu dute. Egiaztapen horrek ere zuhurtzia handia eskatzen du balantze onak egiteko orduan, baina Estatu espainoleko estatistiketan gaixotasun horiek nekez hartzen dira kontuan. Bada zer hobetu, eta ez gutxi, konpondu gabeko arazo zahar hori gainditzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo