GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sentsibilizazio eta formazio ekintzak Nafarroan, gazteen «sexismo finaren» aurka

Nafarroako Gobernuak sentsibilizazio eta formazio ekintzak sustatuko ditu 2013ko azken hiruhilekoan eta 2014an, gazteen arteko genero indarkeria erauzteko. «Sexismo berri eta fin» batez ohartarazi dute.

p014_f02.jpg

GARA | IRUÑEA

Gazteen artean «sexismo fin eta berri» bat dagoela eta emakumeen aurkako tratu txarren aurrekari dela abisatu zuen Esther Ericek, Nafarroako Probintzia Auzitegiko presidente eta Genero Indarkeriaren Aurkako Behatokiko adituak -Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren (CGPJ) parte da behatoki hori-. Atzo Iruñean egindako agerraldian kezka azaldu zuen neska-mutil nafarren artean indarkeria matxista areagotzen ari dela-eta. Erran zuenez, 2011n mota honetako salaketa guztietatik %34 14 eta 30 urte arteko emakumeek jarri zituzten. 2012an, aldiz, %37ra igo zen kopurua, 400 gehiago.

Ericek zehaztu zuenez, «sexismo berri» horrek «estereotipo eta mito erromantikoak» ditu oinarri, eta emakumeentzat gehiegikeria eta tratu txar egoerak ekartzen ditu, hori bai, adeitasun eta babes mozorroarekin. Estereotipo horien artean daude «maitasunak dena ahal du», «kontrako aldeek elkar erakartzen dute» eta «bikote maitasuna behar da osotasuna edukitzeko», baita «dena ematea», «laranja erdia» eta zeloen mitoa ere. «Jende hagitz gazteak maitasun erakusgarritzat hartzen ditu zeloak, ezinbertzeko betekizuntzat ere bai».

Aurre egiteko bideak

Behin berdintasun faltaren «molde berri» hau detektatuta, txikitatik aurre egiten hasi behar zaiola nabarmendu zuen Ericek. Bikote harremanen ikuspegi horren arrazoia zein den ez du garbi behatokiko adituak, baina gazteek helduagoengandik jaso dutela adierazi zuen. Telebista saio jakin batzuek, gazteentzako literaturak eta publizitateak ere erantzukizuna dutela deritzo.

Probintzia Auzitegiko presidentearen aburuz, ezinbertzekoa da heziketa, umetatik arazo hau errotik mozteko eta pertsona aske eta formatuz eta mendekotasunik ez duten bikotez osatutako belaunaldi berriak sortzeko. Teresa Nagore Familia eta Berdintasunerako Nafarroako Institutuko zuzendari gerenteak jakinarazi zuenez, institutu hori diagnostiko bat egiten ari da indarkeria matxistaren aurkako lege proiektu berri bat osatzeko. Sentsibilizatzeko, kanpaina berezi bat eginen dute, ekimenak eskoletan, sare sozialak erabiliko dituzte, webgune bat sortu, eta kontzertu eta jaialdiak antolatu. Formazioari dagokionez, programak eginen dituzte nerabe, biktima, erasotzaile nahiz profesionalentzat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo