Sokatira Lur Gaineko Europako Txapelketa
Gaztediko neskek laugarren postuan amaitu zuten
Bizkaitarrak Euskal Herriarentzako hirugarren domina lortzetik gertu ibili ziren, baina ezin izan zuten.
Jon LEUNDA
Europako Lur Gaineko Txapelketako kluben mailako bigarren eta azken jardunaldia ez zen lehenengoa bezain ona izan, baina atzo ere euskal tiralariek ez zuten lan txarra egin. Gaztedi taldeko neskak ibili ziren ongien, eta domina oso gertu izan arren, laugarren postuan amaitu behar izan zuten.
520 kiloko txapelketan lehiatu zen talde bizkaitarra, beste bederatzi talderekin batera. Europako Txapelketa izan arren, kluben mailakoan irekia uzten dute, eta beste kontinente batzuetakoei ere uzten diete parte hartzen, eta afrikarrak eta asiarrak izan ziren nagusi.
Gaztediko neskek finalerdietan Hegoafrikako Diffa taldearen aurka neurtu zituzten indarrak, eta ezin izan zuten finalerako bidea egin. Bestean, berriz, Herbehereetako Koapman eta Txina Tapeiko selekzioa neurtu ziren, asiarrek selekzio bat ekarri baitzuten. Azken hauek irabazi zuten.
Beraz, hirugarren eta laugarren posturako lehia jokatu behar izan zuen Gaztedik etxeko taldearen aurka. Lan ona egin zuten, eta une batzuetan domina ere lor zezaketela ematen zuen, baina ezin izan zuten, eta laugarren postuarekin konformatu behar izan zuten.
Finalean, berriz, hegoafrikarrak eta asiarrak neurtu ziren, eta Afrikakoek lortu zuten urrezko domina. Asiarrak ziren askoren ustez faboritoak, baina ez zen horrela izan.
Goiherriko eta Gaztediko mutilak ere lehiatu ziren atzo 640 kiloko txapelketan, baina beraiek aurrez iragarri zuten bezalaxe, ez zuten ezer egin. Pisuan aldea egoten da, talde oso arinak aurkeztu baitzituzten, eta hori asko nabaritu zen. Lehen fasea ez zuten gainditu, eta dominarik lortzeko aukerarik gabe amaitu zuten kluben mailako azkeneko jardunaldiko saioa.
Gaur, berriz, selekzioen lehiaketa hasiko da. Euskal selekzioa aspaldiko partez arituko da, eta Euskadiko Herri Kirol Federazioaren izenean arituko da, eta horrela azaltzen da hango kartelean. Hori bai, dominaren bat lortzen badute, ez dute podiumean ikurrinik jasoko, ezta ereserkirik ere jarriko.
Gaur, mutilak 560 kiloko lehiaketan eta 680koan lehiatuko dira. Mistoak, berriz, 600ekoan neurtuko dira. Gaur ere dominak lortzeko eguna izan daiteke. Batez ere talde mistoak eta mutilen pisu txikiko taldeak izango dituzte dominak lortzeko aukerarik gehien. Oraingoz euskal tiralariek bi domina badituzte, eta gaur gehiago izatea espero dute.