Trontza
Ardeo eta Arozena dira Bigarren Mailako txapela lortzeko faboritoak
J.L.
Bihar Uharte Iruñean izango den jaialdian, Euskal Herriko Bigarren Mailako trontzalarien finala ere jokatuko da.
Bertan, Ardeo eta Arozena, Kañamares IV.a eta Kañamares V.a, Oteiza eta Berruezo eta Etxeberria eta Astondoa neurtuko dira. Bikote bakoitzak etzanda jarritako 45 ontzako enborrari hamar epai eman beharko dizkio, eta zutik jarritakoari, berriz, bost.
Unai Aredo eta Kepa Arozena dira txapela lortzeko faboritoak. Beraiek Lehen Mailan aritzeko txartela ere lortu zuten, uztailean jokatu zuten kanporaketan, baina finalean egoterik ez zutenez, uko egin zioten, eta Bigarren Mailakoa jokatzeko erabakia hartu zuten. Hori guztia kontuan hartuta, zaila izango da beraiek mendean hartzea. Lana ez da luzea, beraz erritmo handia jarriko dute trontzalari guztiek, eta hasitako mailari eusten izango dira komeriak.
Seguruenik ere zutik jarritako enborrean erabakiko da auzia. Normalean lan horretan erabakitzen dira trontzalarien finalak, eta bihar ere gauza bera gerta daiteke. Kontuan hartu beharreko beste bikotea Kañamares lehengusuena izango da. Biak oso gazteak dira, baina oso maila politekoak.