GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora

Bost aizkolariren artean banatuko dira Lehen Mailara igotzeko bi txartelak

p038_f02.jpg

J.L.

Bost aizkolari lehiatuko dira bihar 17.30etik aurrera Uharte Iruñeko Toki Alai pilotalekuan jokatuko den Nafarroako Bigarren mailako finalean. Bost aizkolari, eta lehenengo biek lortuko dute datorren urtean lehen Mailan aritzeko txartela.

Manolo Kañamares, Julen kañamares, Raul Kastro, Eneko Saralegi eta Asier Pellejero lehiatuko dira. Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki beharko ditu. Faboritoak aipatzerakoan, kañamarestarrak agertzen dira zerrendan lehenengo. Horiek bakarrik dira Euskal Herriko Txapelketan Bigarren Mailan daudenak, besteak Hirugarrengoan baitaude.

Denen ustez, Kañamares III.a izango da garaipena lortzeko faboritoa. Euskal Herriko Bigarren Mailako finalean sartzetik ere oso gertu ibili zen, eta sasoi onean dago. Trontza eta aizkora uztartuz dabil, baina horrek ez dio inongo arazorik sortu behar.

Bere osaba da beste faboritoetako bat. Manolo oso beteranoa da. Lehen Mailan ere ibilitakoa da, eta hark ere lan ona egingo du. Maila nagusira itzultzea izango da beste asmoetako bat.

Beste hirurak ere ez dira bazterrean utzi behar. Pellejerok ere itxura ona eman zuen kanporaketan, eta Euskal Herriko Hirugarren Mailako finalean ere sartuta dago. Eneko Saralegik eta Kastrok, berriz, Euskal Herriko Hirugaren Mailako finalean sartzeko modurik ez zuten izan, eta hura galdu ostean, orain Nafarroakoan erakutsi nahi dute goragoko mailan ere badutela lekurik. Ikusmin handia sortu duen norgehiagoka da hau.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo