TORTURA EUSKAL HERRIAN
«Justizia eta egiaren bila ari gara, eta horretarako borondatea behar dugu»
Oihane LARRETXEA | URNIETA
«Bere gorpua plastikozko poltsa batean bueltatu ziguten. Mina izugarria genuen, eta are handiagoa izan zen kasua artxibatu egin zutela jakin genuenean». Hogei urte igaro dira Gurutze Iantzi urnietarra atxilotu, eta Madrilen, Guardia Zibilaren Tres Cantoseko dependentzietan, hainbat egun igaro ostean hil zenetik. Berarekin batera atxilotuak izan zirenek tortura latzak salatu zituzten.
Hasierako hitzak bere ahizpa Izaskunenak dira. Beste senitartekoez lagunduta, hogei urteren ondoren hitza hartu zuen oholtza gainean, Gurutzeri bere jaioterrian atzo iluntzean egin zioten omenaldian. Oraindik justizia bila ari dira, baina horretarako egia argitara atera behar dela adierazi zuen. Eta horretarako falta dena, ordea, borondatea dela iritzi zion. «Eta ez dugu gure egitekoan etsiko», esan zuen hunkituta.
Orduan Gurutzeren senarra zen Julen Irastorza ere bereziki oroitu zuen Izaskunek. Gurutzerekin batera atxilotu zuten, eta hil zenean aske utzi. Berak, beste askok bezala, tratu txarrak salatu zituen. «Tamalez -erantsi zuen Izaskunek-, gaixotasun baten ondorioz duela zazpi urte joan zitzaigun Julen, justizia zer zen jakin gabe».
Ekitaldia oso hunkigarria izan zen. Senideei malkoei eustea kosta egin zitzaien testigantza mingarriak zirelako, nahiz eta agerian utzi zuten oraindik ere zer-nolako maitasuna dioten Gurutzeri. Horren adierazle, aldez aurretik urnietarra ezagutzen zutenen hitzekin eskainitako audioa. «Bere irribarrea oroitzen dut. Atxiloketa gertatu baino egun batzuk lehenago ikusi nuen azken aldiz, azkena izango zela jakin gabe. Eta bere irribarrea baino ez dut oroitzen. Gurutzek uso batek adina erru zuen», zioen lehen testigantzak.
«Irailaren 24 hura oso gogorra izan zen -zioen bigarrenak-. Lagun batek semea izan zuen eta ospatzen ari ginela izan genuen Gurutzeren heriotzaren berri. Una hartan bizitza eta heriotza aurrez aurre ikusi nituen. Egun hura ez dut sekula ahaztuko».
1993. urteko irail eta urri haietan atxiloketa ugari egon ziren. Atxilotuetako batzuk, eta beste batzuen senideak Urnietan egon ziren atzo.
Beste gertaera lazgarri horietako bat Xabier Kalparsoro Anuk-ena izan zen. Madriletik albiste beltza heldu berritan, bigarren gertaera batek larritu zuen egoera. Anuk Basurtuko erietxean hil zen, lehenago Indautxuko komisariako leiho batetik erori ostean. Gertatutakoa ondoren argitu zen, aldez aurretik ETAri gazte zumaiarrak berak bidalitako eskutitz bati esker. Aurreko abuztuan atxilotua izan zela kontatu zuen bertan, eta horren ondoren heldu zela etengabeko jazarpen poliziala, eta tartean, hauek gazteari emandako drogak.
Anuk heriotzara eraman zuten gertaera haiek ere oroitu zituzten atzo Urnietan. Garai hartan atxilotua izan zen gazte baten aita, Joxe Lasarte, egun haietaz mintzatu zen. «Gurutzeren heriotza jakin berritan, dolualdian, herrira ekarriko zuten unerako harrera prestatzen ari ginen eta... nola deskribatu... Anuk-en berri izan genuenean ezin sinetsi gelditu ginen. `Zer gehiago gertatu zitekeen?' Hori zen buruan genuen galdera».
Tortura haiek ez zituzten ahaztu nahi izan, ezta gaur egun gertatzen diren eta ezkutatzen saiatzen direnak ere. Izaskun Iantzik «kazetariak, epaileak, forentseak eta poliziak» aipatu zituen, eta «egia ezkutatzen duten bakoitzean» mina areagotu baino ez dela egiten.
1993ko irailaren amaieran, beste hainbatekin batera atxilotu zuten Karmele Urbistondo urnietarrak ere hitza hartu zuen. Berak tortura ahalbidetzen dituzten auzitegi bereziak gogorarazi zituen.
Zentzu berean mintzatu zen bertaratu zen Pernando Barrena ere. Bereziki PSE kritikatu zuen, Guardia Zibilak Iantzi erail zuenean Madriletik alderdi honek agintzen baitzuen. «Hauek dira orain, PPrekin batera, ezker abertzalea xaxatzen dutenak `zoru etikoez' galdezka». Memoria eta lotsa eza salatu zituen ezker abertzaleko bozeramaileak.
Memorian jarri zuen hain justu azpimarra Joxe Lasartek. «Egin dezakegun omenaldirik onena inoiz ez ahaztea da. Horregatik, gora Gurutze!».
Gurutze Iantziren heriotzaren ondoren idatzi zuen «Irtenbiderik ez zen» kantua abestu zuen atzo Anje Duhaldek. Aldi berean, margolari batek urnietarraren erretratua margotu zuen.