GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi Kazetaria

Atzean utzitako itzalari ezin ihes egin

Apenas lehen pausoak ematen ari zen txikia. Aitaren eskuak ematen zion trakets pausatzen zituen oinek ematen ez zioten segurtasuna. Atzera begira zihoan, kiribilduta ia, irrika, atzetik segika zetorkion itzalarekin jolasean. Ihes egin nahian zebilen, konturatzerako eguzki-izpiek atzean zuena bere parean jarri zuten arte. Pausoak arinago eman zituen orduan, ez zuen-eta hark aurre hartu ziezaion nahi. Ezin izan zuen eragotzi, bere pausoen aurretik jarri zitzaion-eta agudo.

Itzalarekin jolastu ez den haurrik ez dagoela uste dut. Kalean ikusi nuen txikiak, gainerakoen moduan, ikasiko du berandu baino lehen itzalari ezin zaiola ihesik egin, baina bitartean gustura ikusiko nuke berriz ere haurtxo hura bere itzalarekin jolasean.

Poztu naiz, halaber, ahalguztiduna zela uste zuena garaje bateko zirrikitutik burumakur irteten ikustean. Bere itzala atzean utzi zuela uste zuenari, luze-luze egin zaio atzean errainua. Baltasar Garzon epailea airoso zebilen Argentinara joanda, zer eta giza-eskubideen inguruko hitzak ahotan hartuta, inork itzal egin gabe. Euskal Herriaren Lagunak atzera begira jarri zaizkio eta aurpegira bota egindako triskantza eta bidegabekeriak.

Irribarrea eragin zidan irudiak. Agian, ez du balioko, epaitegiaren babesean eta sakonean egin zituen zauriak arintzeko, haren aginduz atxilotutako pertsona askoren bizitzan itzal luzea utzi zutelako atxiloaldian bizitakoak eta ondoren espetxean emandako denborak; hala eta guztiz ere, atzeko atetik atera behar izan duela ikusteak, seguru asko, baten bati esanarazi dio, «to». Askoz ere gehiago behar dute itzal sakona lausotzen joan dadin, baina izpi hauek ere beharbada lagungarri dira.

Epaileak, antza, uste zuen itsasoaren bestaldera ez ziola jarraituko errainuak, lasai ibiliko zela; baina haurrek ere garaiz ikasten dute, atzean utzitako itzalari ezin zaio ihesik egin, beti dago-eta hura nabarmenduko duen eguzki-printzaren bat.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo