GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Mikel Ibarguren Idazlea

Etikarekin estropezuka

Ez dakit nik oso etikoa den «zoru etiko» horren pean babestu eta konponbidea oztopatu nahian ibiltzea. Ez dakit oso etikoa den demokraten aitatasuna bereganatu eta zein den demokrata eta zein ez lezioak ematen aritzea

Pentsamendu etikoan bada halako silogismo antzeko bat gutxi gorabehera horrela dioena: Nork bere kabuz pentsatu behar du, beste baten lekuan ezarrita, baina beti ere nor bere buruarekin ados egonda. Esan dut, ariketa zaila da. Eta ariketa hau politikara eramanez harritzekoa da gure politikariek etikaren kontu hau nola instrumentalizatzen duten ikustea. Egunero etikaren harriarekin egiten baitute estropezu. Orain politika egitea ere gaitzesgarri da eta horren ordez etikoki aritzea exijitzen dute. «Etika» hitzak denen ahotan dabilen txiklea dirudi, eta gatazka hau behingoz gainditze bidean jarri nahi den honetan, badirudi batzuk «zoru etiko» horren bukle melankolikoan harrapaturik gelditu direla.

Agidanez, eta dudarik baldin bazegoen ere, demokraziaren Parnasoa irabazi egin behar da. Hori erdiesteko «demokraten bide osoa egin» eta «diskurtso ortodoxoak» baztertu egin behar direla diote zoru politiko elkor hau, beste behin ere, zintzoen eta gaiztoen artean kartografiatu diguten jakintsuek. Garai batean kristautasunera legez, aldez edo moldez, demokraziara konbertitu beharra dago, bestela badakigu zer dagoen. Tamalez, izan diren eta izango diren mendeku kutsuko epaiketa politikoek arau honen enpirikotasuna agerian uzten dute.

Egiari zor, «kondenamania»-ren lurrean ongarritutako «zoru etiko» honek prozesuari zerbait positiboa ekarri beharrean, «zuzenbide estatuaren garaipena» bilatzen du. Hala, hasieran biolentzia alboratu eta kondenatu egin behar zen, gero damua agertu eta barkamena eskatu, orain etikoa izan beharra dago eta inork ezagutzen ez duen Biblia berriari «zoru etiko» deitura eman diote. Pedagogia eskasa agertzeaz gain, badirudi sesiorako baino ez duela balio. Egiazki, inolako etikarik gabe etikaz jardutea baino gauza okerragorik ez da.

Finean, garaiotako demokratek asmatutako azken fetitxea baino ez da «zoru etikoarena». Etika, guztiaren oinarrian ezarri eta gatazka despolitizatzeko asmoz egina. Arazo politikoa ukatuz ondorio politikoak ignoratzeko koartada ezin hobea baita. Hartara, ez da preso eta iheslari politikoez hitz eginen, delitugile batzuei buruz baizik. Eta delituak judizialki baino ez dira konpontzen ahal. Horra, sustrai politikoa duen arazo bat nola bihurtzen den arazo judizial. Bide estu horretara eraman nahi gaituzte.

Etika gora, etika behera gabiltzan honetan, Jean Pierre Massias kazetari frantziarrak elkarrizketa interesgarri batean (bada garbi hitz egiten duenik) esandakoa dut gogoan. «Prozesua ezin da etikan oinarritu», dio berak, etika termino erlatiboegia dela irizten baitio. Izan ere ez baitago Etikarik, Egiarik ez dagoen legez, etikak baizik.

Ondorioz, ez dakit nik oso etikoa den «zoru etiko» horren pean babestu eta konponbidea oztopatu nahian ibiltzea. Ez dakit oso etikoa den demokraten aitatasuna bereganatu eta zein den demokrata eta zein ez lezioak ematen aritzea. Horixe da demokraziaren paradoxarik handiena, hots: demokrazia dela esatea. Hau da demokraziaren fetitxistek ezarri nahi diguten inperatibo kategoriko bakarra.

Ni konbentzituta nago. Batzuek beti beharko dituzte biolentoak, demokrata sentitzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo