labur-labur | 61 DONOSTIA ZINEMALDIA
Donostiaren eraldaketa soziokulturalaren berri ematen du «DSS 1813-2013» filmak
GARA | DONOSTIA
Duela 200 urte Donostiak jasan zuen suntsiketa oroitzea xede duen telebistarako dokumentala aurkeztu zuten atzo iluntzean Victoria Eugenia antzokian. 1813ko abuztuaren 31n hasten da istorioa eta 2013ra egiten du bidaia, eta tarte horretan hiriaren eraldaketa morfologikoak, aldaketa sozialak eta kultur bilakaera argi ikusteko aukera dago. Hasierako urteetako dokumentu grafiko eskasak zeudenez, Joseba Ortega ekoizleak azaldu zuen gertaeren birsorkuntzak egin dituztela. Honela, abuztuaren 31ko erasoa eta harresiak botatzeko unea filmean agertzen dira. Zenbait donostiar Zubietan elkartu eta hiria berreraikitzeko erabakia hartu zutenekoa ere irudikatu dute.
Bitxikeriaz eta pasadizoz josita dagoen eta ikuspegi baikorra ematen duen dokumentala da «DSS 1813-2013».