Sortzen duten hondakinen arabera ordainduko dute donostiarrek tasa berriekin
Hondakin gutxiago sortu, birziklatu eta konposta egitea da Donostiako Udalaren helburua. Bide horretan, 2014an hiritar bakoitzak sortzen duena hartuko da aintzat, eta horren arabera kobratu. Bestalde, bio-hondakinak sailkatzeko sistemak erabiltzen dituztenak sarituko ditu.
GARA |DONOSTIA
Hondakinen bilketan praktika onak bultzatzeko helburua du Donostiako Udal Gobernuak. Horretarako, hiritarrek nahiz jarduerek hondakin gutxiago sortu, birziklatu eta konposta egin dezaten datorren urterako proposatutako zabor tasa berrietan, bio-hondakina sailkatzeko ezarri diren sistema guztiak daude jasota: banakako konposta, auzo konposta eta bio-hondakinaren edukiontzia.
Tarifa berriak ezarri bitartean -Udal Gobernuak 2014ko lehen seihilekorako izango dela aurreikusten du-, zaborren tasak %2,2 igoko direla iragarri zuen atzo Jabi Vitoria Ogasun arduradunak. Ohartarazi zuenez, Donostian 6 milioi euroko defizita dago zabor bilketak sortzen duen gastuaren eta dituen diru sarreren artean.
Etxeko bilketaren kasuan, zaborraren tasan tarifa ezberdinak ezarriko dira, eta hiru sistema horiek aktiboki erabiltzen dituzten hiritarrak sarituko dituzte.
Era berean, jardueren egungo sailkapena ez dator bat jarduera bakoitzak benetan sortzen duen hondakin kopuruarekin. Errealitatera egokitutako sailkapen berria ezartzeko azterketa bat jarri da abian, gehiago kutsatzen duten jarduerek gehiago ordain dezaten. Hori ere 2014ko bigarren seihilekorako egotea aurreikusi du Donostiako Udal Gobernuak; bitarte horretan egungo tasak mantenduko dira.
Aurten, lehen aldiz, Donostiako Udalak, talde politiko guztien babesarekin, zaborraren tasa finkoa izatetik aldagarria izatera pasa zuen, hondakin gehiago sortzen zuenak gehiago ordain zezan. Hori ezartzeko, etxe bakoitzeko ur kontsumoa hartu zen oinarritzat. Vitoriak azaldu duenez, «sistema honek eman dituen emaitzak onak izan dira, eta orain aldaketa batzuk proposatu ditugu bere kudeaketa hobetzeko».
Aldaketa horien arabera, orain arte hiruhileko osoa ordaintzen bazen, orain alta ematen denetik eta baja ematen den arte ordaindu beharko da. Bestalde, ur kontsumoaren irakurketarik egin ezin izan den etxebizitzetako tasa murriztea proposatzen da: ondorioz, kasu horietan aurreikusten den kontsumo maila egungoaren erdia izango da.
Gasteizen, 355 edukiontzi
Donostia alde batera utzita, gaikako bilketarekin jarraituz, Gasteizeko Udalak atzo hondakin organikoen bilketarako edukiontziak jarri zituen Galzabiden. Fase berri baten lehen urratsa da; zerbitzua datozen egunetan Txagorritxu, San Martin, Errota eta Lovainara zabalduko da.
Edukiontzi berriak urrirako kokatuko dituzte eta lau fase izango ditu prozesuak. Guztira, 355 jarriko dira hiriburuko 21 auzotan: Armentia, Ariznabarra, Mendizorrotza eta San Kristobal (54 edukiontzi); Pilar, Zaramaga, Anglo, Aranbizkarra eta Betoño (92); Arana, Aranzabela, Santiago, Judimendi, Santa Luzia, Desamparadas eta Adurza (103).
Erabiltzaile berriei zerbitzua erraztearren, edukiontziak ireki ahal izateko giltzarik ez da beharrezkoa izango.
Donostiako tasa berrien helburua hondakinen %60 birziklatzea da hobari sistema bidez; alegia, kutsatzen denaren arabera kobratuko du Udalak datorren urteko lehen seihilekotik aurrera.