GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bermeoko herri barruko autobus zerbitzuak txartel sistema bidez funtzionatuko du

GARA | BERMEO

Bermeoko autobus zerbitzu publikoak, Bermibusek, txartel sistemaren bidez funtzionatuko du urriaren 1etik aurrera. Ordainketa erosoagoa izango dela iritzita, Udalak erabiltzaileak txartela egitera animatu ditu.

Horren berri eman zuen atzo Juan Karlos Agirrek, Zerbitzu Saileko zinegotziak. Bere esanetan, txartelarekin ordainketa prozesua erraztuko da eta, gainera, hainbat abantaila izango ditu; izan ere, txartelarekin bidaia arruntaren tarifak 0,70 eurokoa izaten jarraituko du aurten eta hurrengo urtean ere, 2014an, hain zuzen. Bestalde, txartela egiten ez dutenek ohiko prezioa ordainduko dute, alegia, 0,90 euro.

Erretiratu eta langabeek bidaiako 0,50 euro ordaintzen jarraituko dute 2013an eta 2014an, eta hobariak izateko txartela edukitzea beharrezkoa izango da.

Txartelek bi euroko prezioa izango dute eta autobusean bertan erosi ahal izango dira eta kargatu ere bai, 5, 10 edo 20 eurorekin.

Erretiratu eta langabeek Berhazen bulegoan egin beharko dituzte txartelak hobaridun tarifa izateko. Erretiratuek Gizarte Segurantzak emandako erretiratu txartela aurkeztu beharko dute eta langabeek, hala direla egiaztatzeko Lanbidek emandako ziurtagiria.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo