GARA > Idatzia > Kultura

23 orkestraren aldibereko kontzertua, sektorearen «egoera larria» salatu eta gizarteratzeko

Estatuko 26 orkestretatik 23k aldibereko kontzertua eskaini zuten atzo. Ekimen ikusgarri hori sektoreko murrizketak salatzeko, BEZa jaits dezatela eskatzeko eta orkestren jarraipena aldarrikatzeko egin zuten.
p049_f01.jpg

Jonebati ZABALA | BILBO

«Musikak gure bizitzak bete eta hobeak egiten ditu, denok gara musika». Lelo hori izan zuten nagusi atzo Estatu osoko 23 orkestrak. AMPOS Orkestra Sinfonikoetako musikari profesionalen elkarteak antolatuta, arratsaldeko zazpietan aldibereko kontzertua eskaini zuten hainbat hiritako toki esanguratsuetan, murrizketen eraginez orkestren «egoera larria» salatzeko helburuarekin. Euskal Herrian, Euskadiko, Bilboko eta Nafarroako orkestretako musikariek bat egin zuten ekimenarekin.

Alondegiko ataria hautatu zuen Bilboko Orkestrak, eta jende asko hurreratu zen emanaldia entzutera. Iker Sanchez BOSeko zuzendariak egin zuen aurkezpena, guztiontzako «kultura publikoa» eskatuz. Jarraian, Mozarten «40. Sinfonia»-rekin hasi zuten kontzertua. Emanaldi erdian agiri bat irakurri zuen Natxo de Felipe Oskorriko abeslariak, musikarien izenean. Murrizketak bertan behera uzteko eskatu zuten; izan ere, orkestra bat desagertzea liburutegi zein museo bat ixtearen parekoa dela salatu zuten; era horretan, musikaren kultura eta aberastasuna aldarrikatuz. Gizakiaren garapenean «funtsezko osagarria» dela adierazi zuen, baina horretarako, lana eta jarraipena ezinbestekoak direla. Jendeari «ulermena, babesa eta elkartasuna» eskatu, eta bertaratutako guztiei eskerrak eman zizkieten. Guridiren «El caserio»-ren II. ekitaldiaren preludioa ere jo zuten Euskal Herriko orkestrek. Ia minutu biko txalo zaparradaren ostean, bis bat egin zuen Bilboko orkestrak.

Aldarrikapenak

Datorrena ez dela hobea izango ziur izanda, hainbat aldarrikapen bere egin ditu AMPOSek. Gobernu zentralak BEZa jaistea, %21etik; aurrekontuen murrizketak bukatzea, kalitatea kinkan jarriz jaitsi eta jaitsi egiten baitituzte; eta Estatuko orkestra guztiek lanean jarrai dezaten exijitzea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo