2013ko Europar Hiritar Saria jaso du Euskaltzaindiak
GARA | BILBO
Europako Parlamentuak Euskaltzaindiari eman zion atzo 2013ko Europar Hiritar Saria, Madrilen. Legebiltzarrak urtero ematen duen saria jasotzean, Europan «euskararentzako lekua» aldarrikatu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak. «Egun, mugek gero eta eragin gutxiago dutenean, Euskaltzaindiak ere hori baliatzen du Euskal Herri osoko euskaltzaleak batzeko eta ahaleginetan jartzeko. Espainia eta Frantziaren arteko mugan dagoen euskararen herrialde osoan lan egiten du euskara, aspaldiko hizkuntza, iraganeko bitxia baino, gaur eguneko eta etorkizuneko hizkuntza izan dadin, Europako beste hizkuntzekin batera», adierazi zuen.
Halaber, euskalgintza osoa izan zuen gogoan, saria harentzat ere badela azpimarratuz. «Euskal jendeari», eta «euskal kultura egiten duten guztiei, horien eguneroko ahaleginik gabe ezinezkoa izango bailitzateke Euskaltzaindiaren lana». Azkenik, Euskaltzaindian urte hauetan euskaltzain eta langile izan diren eta diren guztiei ere eskerrak eman zizkien Urrutiak, euren ahaleginak ere sari horren oinarrian daudela nabarmenduz.