GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surflari ERNEGATUA

Pikatu

Nork ez du irri egin zebra bidean txirrindularia erortzen ikusi ostean? Edo auzoko bazter guztietan kaka egiten duen zakurraren jabeak beste norbaitek utzitako oparitxoa zapaldu duela ikustean? Edo polizia bati desgraziaren bat gertatzen zaionean? Edo moral andereak bere gizona beste norbaitekin ohean atzeman duela entzuten dugunean? Edo lagun bati jarritako ezizenak batere graziarik egiten ez diola dakigunean? Edo norbait pikatu egin dela susmatzen dugunean?

Pentsalariek maiz aztertu duten afera da, ea gizakia berez txarra den edo gizarteak okertzen duen. Gaiztakeria berezkoa edo egoeraren araberakoa ote den. Termino moralak guk geuk asmatuak diren neurrian, guk geuk ezarritako adjektiboak gehitzera behartuak gaude, eta zentzu horretan, gizakiarekiko balorerik egin behar bada, txartasunaren hurrengoa garela esango nuke.

Pasa den astean Landetan izan den txapelketan, Fanning eta Medina ari ziren lehian. Lagunekin ari nintzen finala ikusten eta denek nahi zuten australiarrak irabaztea, izan ere iaz Portugalen gertatu zen bezala Medinak galduz gero, itxura gogorreko surflaria negar egiten ikusteko aukera zegoen.

Txanda irabazten ari zela, Medina harrotu egin zen eta aireko ezinezkoak egiten saiatu zen. Esatariek ere ez zela tontakerietarako momentua gogorarazi zioten. Azkenean ordea, Mick Fanningek irabazi zuen, eta sari banaketan Medina malko artean agertuko zen ikusteko zain geunden. Ez zen horrela izan, estoikoki oholtzara igo eta zegokion lekuan egoten saiatu zen. Astintzeko xanpain botila eman zioten arte. Orduan, ondoko argazkian ikus daitekeen moduan, ezin izan zuen arerioa txikitzeko zuen gogoa disimulatu. Botilaren ahotik indarrez atera nahi zuen burbuilazko ur mikatza, zuzen-zuzenean, txapela kendu zion lehiakidearen aurpegian lehertarazi zuen. Berriz ere, Medina jaunak, gure aurreikuspenak bete zituen, dudarik gabe pikatu egin zen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo