2013ko nesken munduko titulua: Carissa Moore berriz ere txapeldun
Women's World Tour zirkuitua amaitu da. Zortzigarren eta azken proba Carissa Moore hawaiiarrak irabazi du eta 2013ko titulua ere bai.
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
Berriz ere ia oharkabean pasa da albiste garrantzitsu bat. Pasa den astean Seignautzen egin zen nesken munduko surf txapelketaren berriak ez zuen oihartzunik izan; azken egunetan, berriz, komunikabide guztiek erakutsi dituzte Landetan egin berri duten mutilen munduko surf txapelketaren irudiak, baina inork gutxik aipatu badu ere, munduko nesken surf titulua erabaki da Portugalen.
Batetik, munduko nesken surf txapelketa izan da Praia de Carcavelosen (Portugal), eta hori albiste garrantzitsua da goi mailako surfari dagokionez, baina bestetik, 2013ko nesken titulu mundiala nork irabazi duen ere erabaki da bertan. Bi kasuetan, bai txapelketaren irabazlea, zein munduko titulua irabazi duen lehiakidea, pertsona berbera da, Carissa Moore.
Aurtengoan zortzi txapelketek osatzen zuten WWT nesken mundu mailako zirkuitua amaitu da, eta Carissa Moore hawaiiarrak irabazi du bigarren aldiz. 2011n, 19 urterekin irabazi zuen lehen aldiz munduko titulua eta titulu hori inoiz eskuratu duen lehiakide gazteena izan zen, gainera. Bi urte beranduago, 21 urterekin berriz eskuratu du munduko txapela.
Portugal
Nesken WWT zirkuituko azken txapelketan olatu indartsuak izan ziren, eta neskak bikain aritu ziren. Munduko titulua ordea, bi lehiakideren arteko lehiara mugatzen zen, Carissa Moore eta Tyler Wright, urtean zehar lortutako emaitzei esker txapela eskuratu zezaketen surflari bakarrak.
Bi lehiakideak zeuden sailkapen orokorreko lehen postuan berdinduta; beraz, Portugalen emaitza onena eskuratzen zuen lehiakideak irabaziko zuen 2013. urteko ASP kopa famatua.
Final-laurdenetan Tyler Wright kanporatua izan zen, eta horrenbestez, momentu horretan bertan Carissa Moore aurtengo zirkuituko irabazle bilakatu zen, baina ez zen horregatik erlaxatu, eta txandaz txanda lehia estuan jarraitu zuen finalera iritsi arte. Finala pasa den larunbatean egin zuten, eta Sally Fitzgibbons australiarraren aurka aritu zen Carissa Moore. Azkenean, itzuliko azken txapelketa ere hawaiiar surflariak irabazi zuen.
Carissa Moore munduko txapeldun
Aurtengo WWT zirkuituko zortzi txapelketatik lau irabazi ditu Carissa Moorek: lehenengo biak Australian, Margaret River eta Bells Beachen; hirugarrena, AEBetan, Huntington Beacheko txapelketa ospetsuan; eta azkenik, Portugalen, Praia de Carcaveloseko olatuetan.
Txapelketa amaituta bi sari jaso zituen Carissak, batetik azken txapelketako saria eta bestetik munduko titulua irudikatzen duen ASPko kopa. Iaz munduko txapelduna izan zen Stephanie Gilmore australiarrak berak eskaini zion garaikur preziatua.
«Egia esan, orain bertan hitz egitea kosta egiten zait, zeren oso pozik nago», zioen aurtengo munduko txapeldunak, «goizean jaiki eta musika entzuten ari nintzela oso ongi nengoen, gaurkoa nire eguna izango zela sentitzen nuen. Nire aita, ahizpa, familia, mutil laguna eta lagunak une oro ondoan izan ditut, beraz hau oso berezia da niretzat, lortutakoa haiekin partekatzeko aukera eskaintzen baitit».
2014ko lehiakideak
WWT itzulia amaituta, hurrengo galdera zera da, nortzuk izango dira datorren urtean goi mailako nesken zirkuituan? Nortzuk izango dira lehen mailako itzulia osatzen duten hamazazpi lehiakideak?
2013ko itzulia lehen hamar postuetan amaitu duten lehiakideek bakarrik daukate datorren urterako plaza ziurtatua. Haien artean aurkitzen da Pauline Ado hendaiarra, zirkuitua bederatzigarren postuan amaitu baitu.
Orain nesken munduko txapelketen rankinga nola amaitzen den ikustea falta, horren arabera jakingo baita datorren urtean goi mailan lehian izango diren surflari berrien izenak zeintzuk diren. Oraindik ez da munduko zirkuitu orokorra amaitu, beraz lehen mailan postua ziurtatua duten lehiakide bakarrak WWTko lehen hamar lehiakideak dira.