andinismoa Historikoa
Patagoniako Sarmiento mendian neguko lehen igoera sinatu dute
Natalia Martinez argentinarra eta Camilo Rada txiletarra izan dira jarduera historiko horren protagonistak. Pasa den abuztuaren 24an egin zuten gailurra. Neguan zabaldutako bideari «Suerte de Sarmiento» (D+, 400 m) deitu diote. 30 orduko eskalada izan zen.
Andoni ARABAOLAZA
Garaierari dagokionez, Sarmiento mendia oso xumea da: soilik 2.207 metro. Alabaina, erabateko eremu basatian eta tokitan dago: Darwin mendilerroa, Suaren Lurraldea, Txileko Patagonia. Duela hiru urte, Robert Jasper eta enparauek mendi horretan igoera ederra egin zutenean, alemanak zera adierazi zion GARAri: «Nire ibilbideko espediziorik onenetarikoa izan da».
Bada, Natalia Martinez argentinarrak eta Camilo Rada txiletarrak antzeko bizipenak izan zituzten pasa den abuztuaren 24an Sarmientoren tontorra zapaldu zutenean: «Eskarmentu ederra izan da oso. Bazirudien bizitzen ari ginen ametsetik edozein unetan esnatuko ginela. Gailurrera iristea liluragarria izan zen! Hori bai, zorte handia izan genuen; izan ere, horrelako egoerak zein baldintzak ezohikoak dira».
Bai, sokada horrek erdietsi duena balio handikoa izan da, batez ere kontuan hartzen badugu muturreko alderdi batean jardun dutela. Sarmientok 2.207 metro baino ez ditu, baina hura «babesten» duen koraza askoz ere gogorragoa da. Igoera historikoa sinatu dute: neguko lehen igoera eta mendiaren bigarren igoera absolutua.
Eta hori diogu igoeren inguruan nahasmen handia izan delako. Martinez eta Rada, 1986. urteko espedizio italiar batek egin bezala, eki gailurrera igo ziren; hots, Sarmientoren gailur garaienera. Eta beste hiru taldek, berriz, Jasperrena tarteko, mendebal tontorra egin zuten (2.100 metro gutxi gorabehera). Horrela bada, 57 urte igaro dira mendiaren lehen igoera egin zenetik.
Arestian aurreratu dugun legez, neguko lehen igoera hau pasa den abuztuaren 24an sinatu zuten. Mendiaren azken tartea gainditu ahal izateko, andinistok Sarmientoren ipar aurpegia aukeratu zuten. Eta han 400 metroko eskalada (D+ zailtasunekoa) egin zuten. Bideari «Suerte de Sarmiento» deitu diote.
30 ordu
Aitortu beharra dago Txileko Patagoniako mendi horretara hurbiltzeko azpiegitura eta logistika bikaina behar dela izan. Jardun alpino horren protagonistak bi lagun izan dira, baina aipatu behar da haiekin beste kide batzuk joan zirela. Hori bai, hauek guztiek beste helburu batzuk zituzten: zientifikoak, esploraziokoak, artistikoak...
Horri guztiari esker, Martinezek eta Radak laguntza ederra izan zuten beren erronka aurrera eraman ahal izateko. Aurreko espedizio guztiek bezala, Sarmiento mendira hurbildu ahal izateko, espediziokide guztiek ere lan eskerga behar izan zuten egin: Magallaes itsasartetik igaro, baso itxi-itxiak zeharkatu, eskiekin mendiaren kanpalekura hurbildu...
Jakin bazekiten eguraldia ez zutela lagun izango, eta kanpaleku nagusia espero baino astebete beranduago antolatu zuten; abuztuaren 19an, hain zuzen ere. Hala ere, eguraldiak hobera egin zuen, eta Ines Duisallant kidearen laguntzarekin, kanpaleku aurreratura (1.200 metrora dagoena) hurbildu ziren.
Nahiz eta haizete gogorrak eta behe laino oso itxia izan, materiala garraiatzeko aukera izan zuten. Ondoren, ekaitz bortitz batek bisita egin zien, eta horren ondorioz, bi protagonistok 300 metro behera egin eta elurrezko koba batean «aterpe» hartu zuten.
Abuztuaren 23a eguzkitsu eta batere haizerik gabe argitu zen. Dena prestatu ondoren, biharamunean gailurrera abiatu ziren. Radak dioenez, zorte handia izan zuten: «Eguraldia benetan perfektua zen. Gure asmoa aukeratu genuen marraren giltzara (eroria zuen izotzezko bost metro; 1.800 metroko garaieran) egunsentirako heltzea zen. Asmatu genuen. Bidearen giltza gogorra zen, eta azkenean artifizialean gainditu behar izan genuen. Azken 400 metroetan ere izerdi franko bota genuen. 65-75 graduko aldatsak ziren, eta aseguratzeko aukera gutxi. Zortzi luze guztira. Gauak harrapatu gintuen, baina aurrera egin genuen. Korridore erraz bat, gailurreko bi tontorrak (lehena ekia eta gero mendebala) eskalatu eta gaueko hamaiketan gailurrean ginen. Ipar paretan eskalatu genuen bidea ederra eta zuzena da»
Lehen helburua erdietsi zuten. Baina bigarrena, jaitsiera, aurretik zuten. Zati teknikoenean eguraldia lagun izan zuten, baina, behe laino itxiarengatik, kanpalekura ia ezer ikusi gabe heldu ziren.
Argentinarrak eta txiletarrak, gainera, marra berria zabaldu dute mendiaren ipar aurpegian: «Suerte de Sarmiento» (D+, 400 m) izendatu dute.
Natalia Martinezek eta Camilo Radak Sarmiento mendiaren neguko lehen igoera sinatu dute. Horrez gain, mendiaren bigarren igoera absolutua ere bada.
Zortzimilakoetan gertatzen den legez, Patagoniako erpinetan ere, oso alde handia dago ohiko urtaroetan edo neguan eskalatu. Eta jar dezagun adibide bat. Pasa den udako denboraldian Cerro Torreko «Ragni» bideak, adibidez, dozenaka igoera izan zituen. Amaitu berri den neguan, berriz, bakarra.
Goi mailako laukote bat izan da protagonista: Stephan Siegrist, Dani Arnold, Thomas Huber eta Matias Villavicencio. Gailur eguna: uztailaren 30ean. Bada, laukote horretatik esan dezakegu Siegrist suitzarra harrapatuta dagoela urtaro horrekin. Dagoeneko, Cerro Standhardt, Torre Egger (neguko lehen igoera) eta Cerro Torre igo ditu. Azken hau, gainera, ia bi aldiz. Izan ere, 1999. urtean gailurretik 8 metrora atzera egin zuen.
Alpinistok adierazi dutenez, hurbilketa bidea zein eskalada ondo atera zitzaien: «Chaltenetik atera eta biharamunean Esperanzako bibakera heldu ginen. 30ean, berriz, headwalla eskalatu eta ilun-iluna zegoenean gailurra zapaldu genuen. Eskalada azkarra eta eraginkorra egin genuen». Andoni ARABAOLAZA
Andinistok 30 orduko lana behar izan zuten gailurra zapaltzeko. Bidearen giltza artifizialean igo zuten.
Sokadak adierazi duenez, zorte handia izan zuten eguraldiarekin zein mendiaren baldintzekin.