GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA | KLIMA ALDAKETAREN ERRONKA

Bai Alternatiba ona atzokoa, milaka lagun beren alea jartzera animatzeko

Klima aldaketa bezalako problematika potoloari bakarka ere aurre egin diezaiokegula argi geratu zen atzo Lapurdiko hiriburuan. Arazoaren tamainaz jabetu eta jokamolde hainbat aldatuz, urratsez urrats, tantaz tanta eta alez ale giza-samalda bilakatzeko eskura ditugun bideak eta aukerak azaltzeko parada ezin hobea eskaini zuen Bizi!-k antolatutako Alternatiba herrixkak.

p006_f02.jpg

Arantxa MANTEROLA

Baiona Ttipiko karriketan igandetan ohikoa den lasaitasuna aztoratu samar suertatu zen atzokoan, baina ez zentzu ezkorrean, ez horixe. Mahai-inguru eta hitzaldi andanetara atzera eta aurrera zebilen jendetzaz gain, patxadan eta eguraldi ona lagun, milaka pertsona ere bertaratu ziren hainbat gunetan banatutako denda, mahai, stand eta ikuskizunez profitatzera eta jakin-mina asetzera.

Nola egin gure sosak helburu maltzurrekin baliatuak izan ez daitezen? Finantza arduratsuen gunean, gero eta gehiago ugaritzen ari diren egituretan zehaztasun guztiak ematen zituzten Fiare banka etikoak, Blue Bees garapen bidean diren herrialdeetako enpresari txikien elkartasunezko finantziazioa bultzatzen duen elkarteak, Koop57 ildo beretik baina estatu espainolari begira duela hamabost urte sortu zenak edota aspaldi Ipar Euskal Herrian bertako ekonomia sustatzeko proiektuak finantzatzen dituen Hemen elkarteak.

Aurreraxeago, erabilitako gauza eta tresnei bigarren edo hirugarren bizialdia emateko aukera pentsaezinak ikus zitezkeen Elkartasun eta Partaidetza gunean.

Esparru askotan

Ohiko bilakatzen ari diren truke jarduerak edo artisauen abileziaren emaitza ederrak ahoa bete hortz uzteko modukoak ziren. Merkataritza solidarioaren, publizitate erasotzaileari aurre egiteko maneren eta animalien esplotazioaren kontrako Vegan kolektiboaren arrazoien nondik norakoen informazioa gogoz ematen zuten kalean paratutako mahaietan.

Jokamolde alternatiboak esparru askotarikoetan lekua dutela frogatuz, komunikabide eta prentsa independenteen proiektu edo ekimenetan lanean diharduten hedabide hainbat (Reporterre, Basta, Politis...) ere presente ziren Baionan. Antolaketaz kanpo baina halako ekimenak eskaini aukera baliatuz, informazioa zuzenean ematen aritu ziren ere Herrira elkarteko kideak edota 247 egun greban daramaten eta Bizkaitik jindako Feu Vert enpresako langileak.

Naturaren errespetuan jarduteko, energia eta ura aurrezteko edota berrerabilpena eta birziklatzea emendatzeko gure etxeetan erraz egin ditzakegun hamaika aholku eta erremedioez etengabe azalpenak eman zituzten eko-etxea deiturikoan.

Nola ez, laborantza, baratzegintza, lorezaintza, sendagintzako belarrak edo era alternatiboak ere tokia izan zuten hiriko erakusleiho erraldoian. Bisitariak informazio taulak arretaz begiratuz edo eskainitako orrixkak eta aldizkariak irrakurriz patxadaz zebiltzan bitartean, trikitrixen, txistuen, kantari eta musikarien doinuek kaleak girotzen zituzten.

Gozamen naturala

Alta, seguru asko, gozamen handienetakoa haurrek izan zuten ingurumen heziketa txokoan. Beraientzat espresuki paratutako dendetan atsegin handiz ikusten ziren ipuinak entzuten, jokoen bidez uraren garrantziaz jabetzen, zientziaren eremu liluragarria deskubritzen edo tailerretan buztinezko adreiluak egiten.

Egungo teknologia berriez ez ezik, naturari kalte egiten ez dieten jolas dibertigarriak ere badaudela deskubritu zuten askok, beren alboan zituzten aitatxi-amatxien gozamenerako. Hein batean, haiek eta haien aitzinekoek ezagututako bizimoduaren filosofiaren onurez, atzo bertan ez bada ere, gogoetarako garra pizteko baliagarria izango da.

 

21 CONFERENCIAS

Un abarrotado anfiteatro siguió con gran atención la mesa redonda de apertura de la jornada de ayer en la Facultad de Baiona. Hubo además, otras veinte conferencias entre las 10.00 y las 14.30.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo