Josebe EGIA
Perfektutasunik ez dagoelako
Egoera perfektua ondokoa da: jota maiteminduta egotea bikotekidearekin, etxe goxo bat ordaintzeko lain izatea, eroso bizitzeko moduan irabaztea, zer gerta ere aurrezteko gaitasunarekin, seme-alaba ederrak eduki eta haiek hazten eta hezten bizitza zoragarria egitea, erantzukizunak eta zaintza partekatuz, eta horrek betiko irautea. Perfektutasuna, ordea, ez da existitzen. Eta jendeak lana galtzen du, beste batekin maitemintzen da, edo maitemina hiltzen zaio, edo ustekabeko egoeretan aurkitzen du bere burua... Behin zoriona elkarrekin aurkitu zutenak, jada ez dira gai harremana onbideratzeko eta seme-alabak liskar eta etsipenetik at mantentzeko. Eta, azkenean, banaketa iristen da. Betiere mingarri eta gaitza, betiere barruko ekaitz emozionala dakarrena.
Eta seme-alabak erdian. Gerta daiteke horiek helduak izatea; hori ere, ataka horretan, perfektu samarra ere bada. Oraindik txikiak direnean, aldiz, gurasoengandik guzti-guztia behar dutenean, maitasuna, babesa eta heziketa bat, haurrekin nola jokatu funtsezko gai bilakatzen da, haiek behar bezala maitez gero, funtsezkoena. Zer egin behin lagun min eta bikotekide izandakoarekin ezinezkoa bihurtzen denean adostasunera iristea. Nola jokatu haurren onbeharra ez dadin kaltetua izan. Mareatzarraren erdian.
Alegia, haurren zaintza arazo bihurtzen denean. Egoera perfektua zaintza partekatua da; guraso biek, bikotekide ohiarekiko sentimenduak albo batean utzita, seme-alabengan jartzea arreta eta gogoa. Burutik eta barrenetik pasako den azkeneko gauza izanda haurrak erabiltzea behin maite izandakoaren aurkako arma gisa. Zaintza mota horrek, osasungarri eta justuena denak, helduon heldutasun maila handia eskatzen du, eskatzen du batere berekoia ez izatea, eta eskatzen du lehentasunak eta erantzukizunak argi baino argiago izatea. Eta hori, banaketak eta dibortzioak tarteko, ez da gertatu ohi dena.
Epaitegietara jotzen da, orduan. Hirugarren batek erabaki dezan, jomuga bakar haurren ongizatea izango duelakoan, nola jokatu haien hezkuntzarekiko une horretatik aurrera. Epaileak dioenari, amen. Horretarako, jakina, kasuz kasu, familiaz familia, aztertu behar dira gauzak. Zaintza partekatua egoera ideala izateak ez du esan nahi, behin emanda, ezin hobeto egikarituko denik, ez du zertan ekarri emakumeak edo gizonak bere interesetarako erabiliko ez duenik. Legeak jendartea arautzeko, ordenatzeko, finean egoera perfektuagora eramateko, daude. Baina, halako kontuetan, haur batzuen etorkizuna jokoan denean, batik bat, ezin da baldintzei adi-adi egon barik aplikatu, blokea puntu eta koma bat bera ere mugitu barik gainera botata.
Zaintza partekatuaren proposamena izapidetzen ari direnek kontuan hartu beharra daukate egoera perfektu horrek lehentasunezkoa izanda ere, aktoreak behin egoera perfektu bat izandakoaren hausturatik datozela, eta epaitegietara jo dutenerako, arreta osoz hartu beharra daudela kasu bakoitzaren egoera eta inguruabarrak. Haurrek irabaziko badute, behintzat.