GARA > Idatzia > Kultura

230 urte Elhuyar anaiek gizartea eraldatu zutela

Irailaren 28an 230 urte bete ziren, Juan Jose eta Fausto Elhuyar Lubize euskaldunek Bergaran wolframioa izeneko 74. elementu kimikoa isolatu zutenetik. Bertan topatutako giza gorputzeko elementurik txikiena da wolframioa, ezinbestekoa eguneroko bizitzan.

p048_f01.jpg

Amaia GARTZIA

Gerora bonbillen filamentuak egiteko erabilia edota altzairu berezien eraikuntzan, Bergaran 1783an jazotako aurkikuntza harrigarria izan zen, orduko baliabide eskasak kontuan hartuta. XVIII. mendeko gizartea eraldatu zuen wolframioaren aurkikuntzak. Frantziako, Britainia Handiko, Alemaniako eta Suediako aldizkari zientifiko nagusiek argitaratu zuten berria. Bergarako Erret Mintegian zegoen Laboratorium Chemicum-ean isolatu zuten elementu berria Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiek, gaur egun Bergarako Edel oihal-denda kokatzen den lekuan, hain zuzen.

Wolframioa, tungsteno izenarekin ere ezaguna, 74 zenbaki atomikoa duen elementu kimikoa da. Bere sinboloa W da. Lurzoruan eskasa den metala da eta oxido eran aurkitzen da edota gatz moduan zenbait mineraletan. Altzairuaren gris kolorekoa da eta irakite punturik altuena duen metala da, baita urtze punturik altuena duena. Diamantearen ostean, naturan aurki daitekeen material gogorrena da, dentsitate altukoa, eta eroale bikaina. Aski ezezaguna izan arren, eguneroko bizitzan oso erabilia da; mugikorretan, odontologia tresnetan, argi iturrietan, auto, hegazkin zein trenetan, esaterako. Lanpara gorien filamentuetan erabiltzen zen tradizionalki, eta halogeno lanparetan. Haatik, modernoenetan ere erabiltzen da, baita kontsumo urrikoetan ere. Paretak zulatzeko, aiztoak zorrozteko. Eguneroko boligrafoen puntan ere ageri da wolframioa. Horrez gain, ingurumena errespetatzen du.

Suedian Torbern Olof Bergman irakaslearen ikasgaiak jasotzea berebizikoa izan zen Elhuyar anaiek wolframioa isolatzeko. Baina, zer dela eta nola izan zen Juan Jose Elhuyar Suediako Uppsalan? Espainiako Karlos III.aren zerbitzurako espioi gisa kontratatu zutenean hasi zen dena. Britainiar armadaren kanoi eraginkorrekin txundituta baino gehiago, harrituta, hara bidali zuen Espainiak Juan Jose Elhuyar, nahiz eta aurrena, suediar irakasle horrengana jo zuen, Eskoziako Carron artilleria enpresan britainiarrek erabilitako aleazioak argitzera. Beste behin, zapaltzen zituzten estatuek behartutako bi nazioetako gizakiak elkarren aurka. Espioitza operazio horren atzean, Itsas Armadako Ministerioak eta Euskal Herriaren Adiskideen Elkarteak parte hartu zuten -bere fundatzaileak Peñafloridako kondea eta Narrosko markesa izan ziren-. Espioitza lanen truke, estatuak elkartea finantzatu zuen.

Elhuyar anaiak

Logroñon jaio eta bizi izan ziren Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak. Haatik, jatorri lapurtarra zuten, aita, Jean Elhuyar medikua, Hazparnekoa baitzen, eta ama, Ursula Lubize, Donibane Lohizunekoa. Euskara izan zuten ama hizkuntza. Peñafloridako kondeak, Xabier Maria Munibek, 1778an Juan Jose Elhuyarri, espioi bezala errekrutatzeko bidalitako gutunean ematen zitzaizkion hamahiru puntuetako batean ere ageri da horren zantzurik: «Gutunetan, alemanez idatzitako edozer testuingurutan, euskarazko esaldiak sartu», idatzi zion. Elhuyar zirujauak Logroñon postua lortu ostean mugitu zen Elhuyar-Lubize familia hara, eta bertan ezarri ziren. Parisen denbora asko igaro zuten Juan Jose eta Faustok, baina. Aurrena, haurtzaroan, aitak han zeukalako kontsulta, eta gaztetan gero, bertan ikasi baitzuten bi anaiek. Jean Elhuyar zientziazale amorratua zen, eta heziketarik onena eman nahi izan zien bi semeei.

Gaztetatik kimikan trebatu ziren bi anaiak. Hilaire-Marin Rouell gisako zientzialarien lanak ikusteko aukera izan zuten Parisen ikasi zutenean. Handik, Alemaniara egin zuten, Saxoniako Freibergera, Abraham Wernerrekin ikastera, eta jarraian Uppsalara joan zen Juan Jose, eta Fausto Bergarara itzuli zen, bertako mineralogia mintegiaren kargu egitera, 1781ean.

Suedian topatu zuen aurkikuntzara bideratuko zuen inspirazio handienetakoa: Torbern Olof Bergman kimikaria. Berak jarri zuen wolframio edo tungstenoaren lorratzaren atzetik. Bitartean, bere espioitza lanak ematen ari ziren emaitza eskasekin gustura ez, misioa bertan behera geratu zen, Juan Josek bidaltzen zuen informazio urriarengatik, eta gerra zela medio, Eskoziara ezin igarota. Europan lortutako ezagupenei esker, puntako kimikaria bilakatu zen zientzialari gisa espioi baino arrakasta handiagoa zuen gizona. Bergarara bueltatu, eta Espainiako finantziazioari esker lortutako laborategi modernoan -argigarria da Bergaran irakasle aritu zen Thunborg suediarrak berak esan izana Stockholmeko eta Uppsalako laborategiak Bergarakoaren laurdena baino ez zirela- ekin zioten bi anaiek wolframioa topatzeko lasterketari.

Bi urte geroago lortu zuten wolframioa bakartzea. Ondoren, 1786an, Fausto, Espainia Berriko Meatzaritza Zentroaren zuzendari orokor izendatu zuten, eta bere lehenengo ahaleginak Mexikon Bornen amalgamazio prozesuaren eraginkortasuna neurtzera bideratu zituen. Faustoren lorpen handienetarikoa Espainia Berriko Meatzaritza Errege Mintegia sortzea izan zen 1792an, Freiberg-eko Meatzaritza Eskolako antolakuntza ereduan oinarrituta. 1821ean bueltatu eta Madrilen hil zen 1833ko urtarrilaren 6an. Juan Jose anaia Kolonbiara joan zen eta hango meatzeak hobetzen saiatu zen. 1796eko irailaren 20ean hil zen, Bogotan.

Oro har gure herriak zientziarekin izan duen lotura ez galtze aldera, baizik eta euskarak harekin duen harreman sendotzeko, Elhuyar anaien aurkikuntzari gorazarre egiten dion izen bereko zientzia dibulgatzeko aldizkaria sortu zen 1974an. Aurretik existitzen zen erlazioa egokitzeko, euskara arlo zientifiko-teknikora egokitzeko. Alabaina, hizkuntza sendotu ahala, alderdi horren indarra galtzen joan zen; egungo aldizkariaren arbaso zuzena 1985eko abenduko zero alea da. Ospakizunen artean, zero aletik 300.enerainoko 28 urteko jauzia hamarkada bakoitzeko azal bildumarekin egin dute.

WOLFRAMIOA

Wolframioa material estrategikoa da eta II. Mundu Gerraz geroztik oso gutiziatua. 1779an, Peter Woulf, wolframita minerala aztertzen ari zen bitartean, beste elementu berri bat izan behar zuela igarri zuen. Bi urte geroago, 1781ean, Carl Wilhelm Scheelek eta Torbern Bergmanek elementu kimiko berri bat topatu zitekeela iradoki zuten azido bat bakartuz (azido tungstenikoa), scheelita izeneko mineral batetik lortutakoa. Baina Elhuyar anaiek azido horren berdina topatu zuten wolframita bidez, Juan Josek Europako meatzeetatik ekarritako aleari esker. Hala, ikatz begetalaren erredukzio baten bidez lortu zuten elementu berria bakartzea.

Wolframio hitza alemaneko «wolf» eta «rahm» hitzetatik dator, eta «balio gutxikoa» esanahia izan lezake.

«Otso adurra» bezala ere itzul liteke, Saxoniako Erdi Aroko kondairekin erlazionatua, deabruak otso forma hartzen zuela uste baitzuten, eta meatzeen sakonean bizi zela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo