GARA > Idatzia > Kultura

Morau-ren eskutik, euskal kantagintzari buruzko saioa Larrotxene kultur etxean

p049_f01.jpg

Alvaro HILARIO | DONOSTIA

«Lagunekin kantari» programa barruan, Andoni Tolosa Morau-k, musikari eta GARAren kolaboratzaileak, «Euskal kantagintza berriaren historia laburra» izeneko hitzaldia emango du gaur, 20.00etan, Larrotxene kultur etxean.

Nobedadetzat jo daiteke gaurko hitzaldi hau «Lagunekin Kantari» programa udaberrian izaten baita. Honako hau, ordea, emanaldi berezi gisa dator, urrian, udazkenean. Bestalde, programa kantaldiz osatu ohi da, eta Morauk dakarren proposamena, berriz, hitzaldi kantatua da.

Zubi bat eraikitzen

Hitzaldi berezi honen forma eta edukiak zeintzuk diren jakiteko, Morau musikariarekin hitz egin du GARAk: «Alde batetik, euskal kantagintza berria mundu mailan izan zen prozesu baten barruan kokatu behar da. Azken batean, bazen herri musika gaurkotzearen nolabaiteko gogo eta intentzio baten ondorioz. Fenomeno hau izan zen Hego Amerikan eta gero iritsi zen Europako hegoaldera. Euskal Herrira bide bi horietatik heldu zen, batez ere, Kataluniatik, la Nova Canço eta El Set Judges mugimendu garrantzitsu haren bidez. Datetan kokatzeko, 1961ean dugu mugimenduaren sorrera; hain zuzen ere, urte hartan kaleratu baitzuen Mixel Labegeriek bere lehenengo disko txikia. Esan behar da gauzak, beti bezala, lehenagotik mugitu zirela, hor badagoela mundu oso bat, berreskuratzea merezi duena; azken batean, izen gutxi batzuk edo izen nagusi gutxi batzuk ditugu, baina beste izen asko ez ditugu aipatzen», azaldu digu Morauk hitzaldiaren nondik norakoak zehaztuz. Horrela, «bidaia hor hasiko da, eta bukatuko dugu 1990ean; Negu Gorriak taldearen lehenengo diskoaren inguruan uste dut nik euskal rocka iritsi zela beste normalizazio maila batera, bai industria gisa bai izan zuen oihartzun gisa, hau da, ez da euskal rockaz hitz egin behar baizik eta euskaraz egiten diren generoez. Horregatik mugatzen dut denbora epe horretara, 1961etik 1990era. Ideia da, azkenean, zubi bat eraikitzea bi data hauen artean, Mixel Labegerierengandik Negu Gorriak talderaino».

Hitzaldia emateko moduari dagokionez, «elementu asko nahasten dituen muntaia multimedia bat dugu: alde batetik, ikusi eta entzun egingo ditugu kantuak, bideoetan zein audioetan; garaiko lekukotasunak jaso ahal izango ditugu. Era berean, entzulea kokatze aldera, nik ere azalpenak emango ditut eta saiatuko naiz jendeak ere parte har dezala bere ekarpenak eginez».