GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Aizkora Nafarroako Txapelketa

Nazabalek argi eta garbi utzi du faboritoa zein den

Etxarriko aizkolariak ez zuen izan garaipena eskuratzeko inongo arazorik. Berarekin batera, Juanjo Lopez, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Antonio Senosiain ere Doneztebeko finalera sailkatu ziren.

p038_f01_097x116.jpg

Jon LEUNDA

Floren Nazabal, Juanjo Lopez, Jon Rekondo, Ruben Saralegi eta Antonio Senosiain sailkatu ziren hemendik hilabete batera Donezteben jokatu den Nafarraoko Lehen Mailako finala jokatzeko. Bestetik, Aitor Senosiainek maila galdu egin zuen, eta ikusi beharko da Oihan Larretxearekin zer gertatzen den. Atzo, min hartuta dagoelako, ezin izan zen aritu Xabier Mindegia, eta mailari eusteko kanporaketa jokatu beharko du Larretxea gaztearekin.

Aizkolari bakoitzak bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta oinbiko bat ebaki behar izan zituen. Floren Nazabal zen atzoko kanporaketa irabazteko faborito nagusia eta txapela lortzeko ere horrela izango da, eta ez zuen arazorik izan garaipena lortzeko. Ezusteak aipatzerakoan, bat Donato Larretxearena da, ez baita finalean sartu, baina gaixorik ibili da azken egunetan, eta hori nabaritu zuen atzoko kanporaketan.

Txapeldunen Liga

Urrezko Aizkorako Txapeldunen ligako norgehiagoka jokatu zen Bilboko Deustu auzoan, eta bertan Felix Etxeberriak mendean hartu zuen Ugaitz Mugertza. Etxeberriak Joseba Otaegi ordezkatu zuen. Zizurkildarra min hartuta dabil, eta osatzea asko ari zaio kostatzen.

Mutrikuarra zen faboritoa, baina Sunbillakoak irabazi zuen. Lanak burutzeko 18 minutu eta 27 segundo behar izan zituen Etxeberriak, eta 20 minutu eta 15 segundo Mugertza II.ak.

Suitza nagusi, Tolosako sega norgehiagokan

Suitzako segalariak nagusi izan ziren atzo Tolosan Euskal Herriaren aurka jokatu zuten norgehiagokan. Proba ezberdinak egin zituzten, bai gizonezkoek, baita emakumezkoek ere, baina proba bat ez beste guztietan nagusi izan ziren suitzarrak. Alaitz Imazek nesketan buruz burukoa irabazi zuen, eta horixe izan zen euskal segalariek lortu zuten garaipen bakarra. Bixente Mitxelena eta Jexuxmari Goenaga mutiletan, eta Alaitz Imaz eta Irati Astondoa, nesketan, izan ziren Euskal Herria ordezkatu zuten segalariak. Emakumezkoetan Etxaburua zen aritzekoa, baina gaixorik zegoen, eta haren ordez aritu zen Astondoa.

Bestetik, Jon Lapazaranek irabazi zuen herenegun jokatu zen Bizkaiko nazioarteko erako txapela. Hau Bizkaiko Herri Kirol Plataformak antolatua. Lapazaranek bere lanak 3 minutu eta 19 segundoan burutu zituen. Bigarren Maguregi sailkatu zen, eta bere denbora 3 minutu eta 58 segundokoa izan zen, eta Pabi Astondoa beteranoak osatu zuen podiuma, belarra ongien ebakiz, gainera. J.L.

Jaitsiera

Aitor Senosiainek azkena amaitu zuen atzo Etxarrin jokatutako kanporaketa, eta garbi dauka datorren urtean Bigarren Mailan aritu beharko duela.

Kanporaketa

Oihan Larretxeak eta Xabier Mindegiak, berriz, kanporaketa bat jokatu beharko dute, mailari eutsiko dion bigarren aizkolaria zein izango den jakiteko.

Ezustea

Ezusterik handiena Donato Larretxearena izan zen, ez baitzen finalean sartu, baina azken egunetan gaixorik egon da, eta ulertzekoa da bere ezina.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo