GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea

Inaxio Perurenak 238koa esku batekin bizkarreratu du

J.L.

Inaxio Perurenak marka berria ezarri zuen herenegun Iruñean 238 kiloko harria esku bakar batekin jasota, lehen berak zuen marka lau kilotan onduz. Leitzar gazteak bere helburua bete du, eta orain 303koa bi eskuekin jasotzea izango da bere hurrengo erronka nagusia.

«Egia esan, oso gustura aritu naiz, eta eman diodan jasoaldia ere oso ona izan da. Aurrera egiteko ere honek izugarrizko indarra ematen dit», aitortu zuen nafarrak marka lortu eta gero. «Lehen, udan erakustaldien garaia izaten zen, baina orain krisiaren eragina handia izan da, eta oso lan gutxi izan dut. Markak prestatzeko erabili dut denbora», gehitu zuen.

Izan ere, bere hurrengo helburua 303 kilokoa jasotzea izango da. «Lehen egin nuen ahaleginean ez nuen lortu marka hori egitea, eta hori izango da hurrengo erronka. Nire burua ongi ikusten dut, eta esku batekin egin dudan lanak indar eta konfiantza handia ematen dit aurrera gogoz jarraitzeko», adierazi zuen.

Harri-zulatzea

Ortuellako Burdin Gazteak taldeak irabazi zuen atzo jokatu zen Euskal Herriko Txapelketa. Luigan bigarren izan zen, baina oraingoan aurre hartu zion Trapagarango taldeari.

Ortuellakoek 14 zulo eta 7,7 zentimetro zulatu zituzten. Bigarren postuan, Trapagaran sailkatu zen, eta haiek 13 zulo eta 4,8 zentimetro egin zituzten. Hirugarren, berriz, Las Karreras A sailkatu zen 12 zulo eta 2,5 zentimetrorekin, bosgarren Errekatxo 12 zulo eta 1,6 zentimetrorekin, eta azkena, berriz, Las Karreras B, 11 zulo eta 7,8 zentimetrorekin.

Jendetza batu zen Ortuellan jokatu zen final hau zuzenean ikusteko asmoarekin, eta bertaratu zirenak ez ziren damutu, ikuskizun aparta eskaini baitzuten lanean aritu ziren talde guztiek. Burdin Gazteak eta Trapagaran ziren faboritoak, eta bietako inork ez zuen hutsik egin. Las Karreras A-k eman zuen ezustekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo