KRONIKA | 2013-ko Kilometroak tolosan
Aitzakiarik gabeko jauzi baten aldeko aldarria, bihotzetik «ahora»
Milaka euskaltzale elkartu ziren atzo Tolosan 2013ko Kilometroak jaialdian, euskarak bihotzetik «ahora» salto egin behar duen aldarrikapena zabalduz. Eguraldia lagun, aurreikuspen guztiak bete ziren Emeterio Zaldibia protagonista nagusi izan zuen ekimenean. Lekukoa ere pasa zuten eta Orioko Herri Ikastolari dagokio datorren urteko jaiari begira jartzen hastea.
Aimar ETXEBERRIA
Goiz esnatu zen Tolosa atzokoan, eguraldia lagun -nahiz eta lehen orduetan zalantza asko sorrarazi zituen- 2013ko Kilometroak jaia hartzeko. Errepideko seinaleek besterik esaten bazuten ere, ez zen inolako arazorik herri gunera sartzeko, goizeko 08.00etan bederen. 09.00etan zegoen jarrita lehenengo zita egitarau ofizialean, ikastolaren eraikin berrian. Harrera egingo zioten Gipuzkoako ikastolen aldeko jaialdira gerturatu asmoz ziren ordezkari instituzional eta politikoei, kafea opari, egunaren hastapenetan indarrak hartzeko.
Hala gerturatu ziren dozenaka autoritate, kolore eta sentsibilitate ezberdinetakoak. Bertan ziren, besteak beste, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkidea, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria, Pernando Barrena Sortuko bozeramailea, Markel Olano Batzar Nagusietako EAJren bozeramailea, Joseba Egibar EAJko legebiltzarkidea, Paul Bilbao Kontseiluko lehendakaria...
Kafearen ostean, Zabalarreta parkerantz zuzendu ziren guztiak, bertan egin behar baitzuten egunari hasiera emango zion ekitaldia. Hunkigarria suertatu zen irekiera ekitaldia, ikastolako haurrek zain zuten protagonismo handiagatik batez ere. Ordezkari politikoen aurpegiak, aldiz, nahi baino gehiago begitandu ziren, nahiz eta batzuek euren hitzaldiak laburtu une hartan benetako protagonista zirenen mesedetan. Aurreskua, ikasleen ikuskizuna... eta zinta mozketa. Emeterio Zaldibiaren eguneko lehen ekintza. Hamasei urtez Laskoraingo zuzendari izandakoak izan zuen zinta moztu eta Kilometroak 2013 jaialdiari hasiera ofiziala emateko pribilegioa.
12.00etan heldu zen, ordea, Zaldibia benetako protagonista gisa izan zuen ekimena. Omenaldia egin zioten, bere senideak inguruan zituela, urte askoan zehar euskararen alde burutu duen lanagatik. Egun ikastolako ikasle direnek eta ikasle ohiek, irakasleekin batera, omendu zuten Zaldibia.
Gorazarrearen ostean, datorren urteko jaialdiari begira, lekukoa pasatzea, Orioko Herri Ikastolaren eskuetara. «Ohorea, ilusioa eta erronka» hitzak izan zituen hizpide Orioko ikastolaren ordezkariak lekukoa eskuan hartu zuen unean.
Ibilbide dinamikoa
Bederatzi gunez osaturiko ibilbidea landu zuten antolatzaileek eta bakoitza bere ezaugarri propioekin jantzi zuten, gustu guztiak asebete nahian. Hala, umeentzako gune bilakatu ziren lehenengo, hirugarren eta bosgarren guneak eta pailazo, mago, puzgarri eta abarrez gozatzeko aukera izan zuten txikienek.
Bigarren, laugarren eta seigarren guneak, aldiz, kontzertuz bete zituzten. Era guztietako kontzertuez, gainera. Ohiko taldeek bildu zuten jende gehien -Itziarren Semeak, Vendetta, Hesian, Gatibu, Gose...-, baina «bigarren mailako» taldeen kontzertuen nibela ere ezin aipatu gabe utzi, Anger taldeak eskaini zuena, esate baterako.
Kilometroetara bertaratzen zen orok zirkuitua bere osotasunean egitea zen antolatzaileen helburuetako bat. Horregatik bururatu zitzaien ibilbide osoan zehar txaranga ezberdinak sartzearen ideia, Tolosak izena ez ezik, izana ere baduela aldarrikatuz. Hala, nonahi entzun zenezakeen txaranga baten hotsa.
Aurreikuspenak beteta
Lehen balorazioen arabera, aurreikuspen guztiak bete zituen 2013ko Kilometroak jaialdiak. «Guztiz emozionatuta gaude. Azken hilabeteak, eta azken hau batez ere, emozioz beterikoak izan dira, egun handi hau noiz iritsiko. Hein batean, egun bakar batean jokatzen duzu aurrez eginiko lan guztia», adierazi zion GARAri arratsaldeko lehen orduetan Unai Igartua edizio honetako koordinatzaileak, lehen balorazio orokorra egin berritan. Gustura zen jendeak jaialdi hau aurrera atera zedin eman zuen erantzunarekin. «Nolabait esatearren, ikastolen oinarria islatu da gaurkoan. Modu bolondres batean hasi zen mugimendu hau eta indar horrek hor jarraitzen duela ikustea ikaragarria izan da», zioen, harro. 2.500 boluntario inguru ibili ziren egun osoan lanean, «gustura eta gozatuz», Igartuaren arabera.
Aurtengo zirkuituaren ezaugarriei dagokienez, ibilbide «dinamikoa» egiten ahalegindu direla onartu zuen jaialdiaren koordinatzaileak. «Jendeak goza zezala zen gure nahia, horregatik ahalegindu gara zirkuitu dinamiko bat osatzen. Gure ustez lortu dugu helburua, jendeak zirkuitua egitea eta ondo pasatzea», adierazi zuen.
Gisa honetako ekimen bat burutzeak sorrarazten duen lan kargaz galdetuta, atzokoaren emaitza urte osoko lanaren fruitua dela nabarmendu zuen. «Hamahiru batzorde sortu behar izan ditugu, beharrizan guztiei erantzuteko. Aurten, lehenengo aldiz, euren batzorde propioa izan dute ikasleek, eurak ere antolakuntzaren parte sentiarazteko helburuarekin. Era berean, muntaiarako, diru kontuak eramateko, salmenten jarraipena egiteko, komunikaziorako eta beste hainbat alorretarako sortu behar izan ditugu lan taldeak», azaldu zuen.
Hala ere, eurena ikastola «indartsua» dela-eta (eskualdeko ikasleak ere hartzen baititu adin batetik aurrera), lanak errazago burutu ahal izan dituztela uste du. «Herri guztiak bulkatu du jaialdia», nabarmendu zuen. Bildutako dirua, Laskorainek bere beharrak asetzeko erosi zuen eraikin berriak sorrarazi zituen kostuei aurre egiteko erabiliko dute. Oria ibaian barrena itsasoratuko dira Orion atzo Tolosan bat egin zuten euskararen aldeko tanta guztiak.
Harro ziren Kilometroak 2013ko antolatzaileak Tolosako herritarrek eman duten erantzuna dela-eta. 2.500 boluntario inguruk jardun zuten lanean, debalde, «gustura eta gozatuz», Unai Igartua koordinatzaileak azaldutakoaren arabera.
Hamahiru batzorde -muntaiarako, diru kontuak eramateko, salmenten jarraipena egiteko eta komunikaziorako...- osatu behar izan dituzte egitasmoa aurrera ateratzeko. Aurten, gainera, ikasle batzordea osatu dute lehen aldiz.