Aviron eta Genets irabazi ezinik dabiltza
J.L.
Avironentzat eta Genetsentzat ez da batere asteburu ona izan, bietako inork ez baitu garaipenik lortu, eta biak ere sailkapeneko beheko aldean daude.
Avironen egoera oso kezkagarria da, aurten ez baitu oraindik partidarik irabazi. Bi urtean bi maila galdu ditu, eta bide beretik jarraitzen badu, aurten hirugarrena ere galdu egingo du.
Baionako taldea orain dela dozena bat urte atera zen amateurren mailetatik, eta oso urte gutxian maila mordo bat igo zituen. Orain ere abiadura bera darama, baina kontrako bidean.
Aurillacen zelaian jokatu zuten zuri-urdinek, eta 2-1 galdu zuten. Beste behin ere, ez zuten gaizki jokatu, baina gola lortzeko arazo asko dituzte, eta atzean ere huts handi samarrak egiten dituzte, eta hortxe joaten zaizkio partidak. Aurrean asmatu ezean, eta atzean huts eginez gero, ez dago zereginik.
Cottebrune izan zen euskal taldeko golegilea, eta garaipena ere ekar zezakeela ematen zuen gola izan zen, baina azkenean alferrikakoa izan zen, ez baitzen berdintzeko ere gai izan. Alde on bat bilatu behar baldin bada, hori ere badago, aurrez aipatu bezala, Avironek orain jokatu dituen partidetan, aurrenekoa kenduta, ez da besteak baino gutxiago izan, eta horrek konfiantza ematen du, baina ez du ezer askotarako balioko garaipenak ahalik eta azkarren pilatzen hasten ez baldin bada.
Angeluko Genetsek denboraldiari hasiera paregabea eman zion kanpoan garaipen eder bat lortuz, baina ordutik ez du bururik altxatzen. Herenegun 1-1 berdindu zuen Limoges taldearekin. Irabazi ez arren, galdu ere ez ditu egiten, eta Aviron baino egoera hobean dago, nahiz eta hori-berdeak ere garaipenak lortzen ez baldin badira hasten, arazoetan sartuko diren.
Limogesen aurka ez zuten partida ona egin, eta amaieran ez zuten berdinketa baino gehiago merezi izan, eta horrekin geratu ziren. Hori-berdeek mailaz igotzeko asmoarekin egin dute taldea, baina gauzak ez doaz uste bezain ongi, eta horrek nolabaiteko kezka sortzen du Angelu inguruan.
Ikusita, gainera, Ipar Euskal Herriko bi taldeak nola dabiltzan, batasunaren aldeko deiak gero eta gehiago dira, errugbian gertatzen ari den bezalaxe, baina ez dirudi oraingoz bietako inork amore eman eta horretarako asmo handiegirik duenik.
Ezustea ematen ari dena, Baionako Croises da. Bi handiak baino maila bakar bat beherago dago, eta Akitaniako Ohorezko Mailan daraman lehen denboraldi honetan gauzak oso ongi ari da egiten, nahiz eta herenegun gauean Baionan 0-0 berdindu zuen Biscarroseren aurka, baina lapurtarrek dezentez gehiago merezi izan zuten. Maila bereko beste euskal taldeak, Genets B taldeak, alegia, 1-0 galdu zuen Saint Medarden zelaian. Hauek ere ez zuten batere norgehiagoka txarra egin.