ZIENTZIA
Naturarekin sentiberak gara txikitatik, bizidun eta bizigabeak bereizi ez arren
Haurrek oso txikitatik dute ingurumena babesteko kontzientzia, askotan oraindik bizidunak eta bizigabeak ondo bereizten ez dituztenean. Hori azaltzen du Jose Domingo Villarroel EHUko ikertzailearen lanak. Zer dagoen ondo eta zer txarto txikitatik azaltzearen ondorioa?
Nerea GOTI | BILBO
Ikerkuntzaren munduan, tradizio handia izan du ikertzeak umeek nola lortzen duten pentsamendu morala, hau da, nola edota zergatik bereizten duten zer dagoen ondo eta zer txarto, eta batez ere beste pertsonengan eragin onak edo txarrak dituzten portaeren inguruan dituzten iritzien sorrera ikertu da. Bestalde, kontzeptuen garapenak beste azterketa asko bultzatu ditu, eta eremu honen barruan, garrantzi handia eman zaio haurrek izaki bizidunen eta bizitzarik ez duten elementuen artean egin beharreko bereizketari. Jose Domingo Villarroel Biologian doktore eta EHUko Irakasleen Unibertsitate Eskolako Matematika eta Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko irakasleak arlo biak ukitzen dituen ikerketa burutu du. Aurretik, irakaslea izan da bai Lehen Hezkuntzan, zein DBHn eta Batxillergoan.
Villarroelen lanak bi arlo hartu ditu: bizidunak eta bizigabeak bereizteko gaitasunaren azterketa eta ingurumenarekiko sentiberatasuna noiz garatzen den ikustea. Egin duen lanaren emaitzak zera islatzen du: «Haurrek oso goiz garatzen dute ingurumena babesteko kontzientzia», eta kontzientzia hori «izaki bizidunak eta bizigabeak garbi bereizteko gai izan baino lehenago ere agertu daiteke».
Lau urtetik gorako 118 ikasle
Plentzia, Sopela eta Urdulizko ikastetxeetako 4 eta 7 urte bitarteko 118 neska-mutilek hartu dute parte ikerketan. Villarroelek banan-banan elkarrizketatu zituen. Elkarrizketa bakoitzak bi zati zituen: alde batetik, izaki bizidunen eta bizigabeen arteko aldea hautemateko duten gaitasuna ikusteko; eta bestetik, mota ezberdinetako portaera ezegokien artean zer-nolako iritzia zuten jasotzeko.
Elkarrizketaren lehenengo zatian, txakurra, txoria, zuhaitza eta lore bat agertzen ziren irudiak erakutsi zizkien, eta ondoan, eguzkia, hodeiak, auto bat eta moto bat azaltzen ziren beste lau irudi. Bigarren zatian, jokabide desegokien marrazkiak aurkezten zituen. Irudien artean bazeuden atal honetan, beste pertsonengan ondorio txarrak dituzten ekintzak (beste bati gauza bat kentzea edota tratu bortitza ematea), arau sozialen urraketa irudikatzen zituztenak (sudurretik mukiak ateratzea), eta landareei kalte egiten dietenak (lore bat zapaltzea edota zuhaitz baten enborrean labanarekin markak egitea).
Jose Domingo Villarroelen esanetan, espero zitezkeen emaitzak izan ziren lehengo zatiari dagokionez. Haur askok, txikienek bereziki, zailtasunak dituzte izaki bizidunak bereizteko. «Asko kostatzen zaie landare bat biziduntzat hartzea», baina moto bat biziduntzat hartzeko joera dute, bizitza izatea mugitzeko ahalmenarekin lotzen dutelako», azaldu zion GARAri ikertzaileak.
Arauak apurtzea
Deigarriagoak dira, bere ustez, bigarren zatian aurkitutako emaitzak. «Haurrek uste dute beste haur bati edo landare bati kalte egitea gaitzesgarriagoa dela gizarte-arauak haustea baino, baita landarea biziduntzat hartu ez duten kasuetan ere. Alegia, ez dute argi lorea biziduna ote den, baina askoz okerragoa iruditzen zaie lorea zapaltzea, zopa modu baldarrean jatea edo atzamarra sudurzuloan sartzea baino», zehaztu zuenez.
Detektatu duen «paradoxa» horretan oinarritzen du ondorengo hausnarketa: besteekiko sentiberatasuna oso goiz garatzen da, eta pentsamendu moralaren garapena oso lotuta dago gurasoengandik eta hezitzaileengandik jasotakoarekin.
«Adinak eragina izan gabe, ume gehienek adierazten zuten landareengan eragin negatiboa duten jokabideak okerragoak direla gizarte-arauak apurtzea baino. Horrek esan nahi du ume txikiek, hain zuzen zailtasunak dauzkatenek biziduna zer den esateko, horiek ere ulertzen zutela landareekiko jokabide txarrak besteak baino okerragoak zirela», azaldu zuen. Hain argi ez dagoena da, nondik sortzen diren pentsamendu moral horiek. EHUko ikertzailearen ustez, heziketan jasotakoarekin lotuta dago umeek erakusten duten jarrera, «eta ez hainbeste logikarekin eta arrazionaltasunarekin».
Helduen transmisioa
Hausnarketa horrekin lotuta, anekdota bat kontatzen du. Parke batean zegoela, ume bat arbola baten adarra apurtzen ikusi zuen, eta jarraian heldu baten oihua: «Aizu, ume, utzi bakean zuhaitz hori». «Hori da halako jokabiderako kodeak transmititzeko modu bat», pentsatu zuen momentu hartan.
Ikerketa honetan ez da agertzen, baina bere ustez, naturarekiko erakusten duten sentiberatasuna gurasoen bitartez edo eskolan bertan jasotakoaren ondorioa da. Nabarmendutakoaren arabera, hezitzaile guztiek jakin beharrekoa da «umeei esan egin behar diegula zer dagoen ondo eta zer txarto, eta oso bereganatuta izan behar dugun gauza bat da hori».
Hain zuzen ere, Villarroelek interes handia dauka aztertzeko txikiek «nola jasotzen duten gurasoengandik ingurumenarekiko kontzientzia». Bestalde, burutu berri duen lanaren ondorioak herri txikietan eta handietan ezberdinak diren aztertu nahi du.
Lanak ez dauka atxikita irakaskuntzarako aplikazio praktikorik. Villarroelen ustez, «une honetan inportanteena da datuak berrestea, ikerketa gehiagorekin datuak ziurtatzea eta orduan etor daitezke aplikazio praktikoak».
Ikerketa «SpringerPlus» zientzia aldizkarian argitaratu da, eta Villarroelek beste artikulu bat publikatuko du «Biological Education» aldizkari espezializatuan.
«Umeei dilema bat planteatu diet: irudiak baliatuz, lorea apurtu eta atzamarra sudurrean sartzea bezalako portaeren artean txarrena zein den galdetu diet», azaldu du Villarroelek.
Ikertzaileak dioenez, umeek lorea bizirik dagoen izaki bat dela ulertzen ez badute, pentsa zitekeen okerragoa irudituko zaiela arau bat apurtzea lore hori zapaltzea baino, baina ez du hori aurkitu.
«Nik ez dakit zelan jaso duten kode moral hori», dio ikertzaileak. Bere ustez, pentsamendu morala lotuago dago emozioekin eta modu afektiboarekin ahalmen logikoarekin baino.