GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Jokin Lasa Martinez IKAko A. Campion euskaltegiko irakaslea

Gurasoak eredu

Dei egin nahi dizuegu D ereduetako guraso euskaldunei, zuen inguruko guraso erdaldunak xaxa ditzazuen haiek ere euskara ikasteko

Nik ez dakit, behintzat, zer egin ume hauekin, bizi guztia ikastolan eta ez dute hitzik ere euskaraz egiten elkarrekin!». Zenbat aldiz entzun edo esan ote ditugu horrelakoak guraso euskaldunok? Izan ere, errealitatea horixe baita, gure seme-alabek 16 urtetik gora igarotzen dituzte D ereduko eskola publikoetan zein ikastoletan eta, gehienek, eskolatik kanpo ez dute euskaraz hitzik ere egiten elkarren arteko harremanetan. Zergatik ote? Guraso erdaldunek ere izaten dituzte antzeko kezkak.

Zalantzarik ez dago fenomeno hori gertatzeko arrazoiak asko eta askotarikoak direla: euskaldunak ez direnekin ditugun/dituzten harremanak, hedabideak... eta, nola ez, familiako hiz- kuntza ohiturak. Denok dakigu etxean ere euskaraz bizi den edo erabiltzen duen haurrak askoz ere errazago eta erosoago egiten duela erabiltzen ez duenak baino. Halaxe frogatzen dute, gainera, hizkuntza ereduak direla-eta, EAEn egindako ikerketa soziolinguistikoaren emaitzek ere: azken 10 urte hauetan euskararen ezagutzan asko aurreratu badute ere, erabilpenean ia-ia lehengoan segitzen dute; benetako euskalduntzea D ereduak bakarrik bermatzen du, baina hori ez da aski elebitasun orekatua lortzeko; alegia, antzeko erraztasunez aritzeko hizkuntza batean zein bestean. Hori D ereduan ikasteaz gain, etxean ere euskaraz aritzen direnek bakarrik lortzen dute. Eta, jakina, haurrak eta gaztetxoak errazago eta erosoago suertatzen zaionera jotzen du. Gure haurrak euskaraz bizitzea nahi dugunok kontuan hartzeko moduko datua dela uste dugu.

Gainera, haurrek txiki-txikitatik imitazioz funtzionatzen dutela badakigu. Aspaldikoa da esaera hura: «Haurrak zer ikusi, hura ikasi», ikusi eta entzuten duten hura errepikatzen baitute eta horrek eramaten ditu hizkuntza eremuak hain argi definitzera ere: Ikastolan euskaraz, handik kanpo erdaraz. Definizio hori apurtzeko, zein eremutan eragin dezakegu gurasook? Etxekoan, jakina, horixe da gure esku dagoen bakarra eta guk alda dezakeguna. Berebizikoa da, beraz, gurasoon papera familian euskaraz aritzeko ohitura horiek sortzerakoan, geu baikara gure haurren eredu. Egin dezagun, bada, familian euskaraz haritzeko ahalegina, ekarriko dizkigun onurak handiak izanen dira eta.

Bestalde, haurrek biziki eskertzen dute gurasoek euskaraz ikasten eginiko ahalegina. Horrela bada, dei egin nahi dizuegu D ereduetako guraso euskaldunei zuen inguruko guraso erdaldunak xaxa ditzazuen, haiek ere euskara ikasteko eta ahal duten neurrian beren seme-alabekin erabiltzeko.

Eta hemen gaude gu, IKAko euskaltegiak, euskalduntze lan horretan laguntzeko. Gure euskaltegietan ez baitugu euskara soilik irakasten, hemen euskaraz bizi baikara eta ikasleek ere hori lor dezaten saiatzen gara. Horixe dugu xede eta helburu, horretara bideratzen ditugu gure ahalegin eta indarrak. Zenbat eta gehiago bizi familian euskaraz, orduan eta gehiago eta erosoago hitz eginen dutelako gure seme-alabek ere eskolatik kanpo...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo