Jon Ormaza, Irati Ozaita, Miriam Diaz de Tuesta, Garazi Zilonizaurrekoetxea, Oihane Oar Askapenako brigadistak
Argentinaren historia brigadisten begietatik
Kirchnerismoak hainbat urtetan zatitu eta indargabetu duen herri mugimendua berpizten ari da, gorakada epe bat sumatuz auzo eta kaleetan Internazionalismoa lantzen duten eginkizun eta praktikek berebiziko garrantzia dute, atzo bezala gaur ere, munduko herri langileak eta askapen prozesuak elkar elikatzeko
Ia hilabete iraun duen brigada honetan, denbora gehiena Argentinan eman dugu. Bertan, herrialde honek duen historia hurbila ezagutzeko aukera izan dugu, hainbat ikuspuntutatik kontatua gainera. Beraz, azken 40 urteetako gertakizunak kontuan hartzea ezinbestekoa dela deritzogu, bai gaur egungo egoera ulertzeko bai etorkizuna «iragartzen» saiatzeko.
1976. eta 1983. urteen artean pairatu zen diktaduraren ondorio nagusienetako bat 30.000 pertsona baino gehiagoren desagertzea izan zen. «Desagertze» hauek guztiz politikoak izan ziren, 70eko hamarkadan herri-mugimenduak bizi zuen goraldia zela eta, egoera eta kontestu berezia bizi zuen Argentinak, aurre-iraultzailea batzuen ustez. Gauean bahituak, atxiloketa zentro klandestinoetara eramanak, epe mugagabe batean torturatuak eta erailak izaten ziren «desagertuak» (ez baziren zuzenean bahitzen eta erailtzen). Prozesu honek eta beste errepresio bideek 80ko hamarkadarako kristoren sarraskia burutu zuten jendartearengan, kontzientzia maila eta mobilizazio ahalmena asko gutxituz eta herri-boterea desegituratuz.
Hortik 2001era, neoliberalismoak bereak eta bi egin zituen (AEBen onespenarekin) herrialdean; bertako gutxi batzuekin aliatuta (burgesia eta interes ekonomiko eta politiko komunak zituztenak), era guztietako lehengaiak arpilatu zituzten, Gobernuaren zorra biderkatu zuten (gero herritarrengan amaitzeko hori ordaintzeko ardura) eta hazkunde «faltsu» baten pean, zapaldua zetorren kontzientzia guztiz isolatu eta baztertu zuten, jendartearen gehiengoa «lokartuz».
Aipatu bezala, 2001eko abenduaren 19 eta 20an atzetik zetorren krisi ekonomiko eta politikoak eztanda egin zuen (Ar- gentinazo), inoiz Argentinan egin diren mobilizazio eta protesta jendetsuenak eraginez. Hauek bi astetan lau presidente ezberdin edukitzerainoko puntura eraman zuten egoera, bidean poliziaren errepresioagatik 39 eraildako emanez.
Orduan, 2002an Duhalde presidente zela, ekainaren 26an Avellanedako sarraskia gertatu zen; langabeen aldeko errepide mozketa batean, Dario Santillan eta Maximiliano Kosteki piketeroak poliziak erail zituen, herri-mugimenduaren martir bilakatuz eta gorakadan zetorren mobilizazio grina eta kontzientzia maila areagotuz. Aurreko urteko krisiaren ondorioz herrialde osoan zehar zabaldu ziren auzo asanblada, fabrika berreskuratuak eta mota askotako antolakunde politikoak pil-pilean zeuden une hauetan. Herria bera bizirik zegoen, politika ofizialari zilegitasunik eman gabe eta oinarriko militantzian eta egunerokotasuneko praktikan bidea aurkituz.
Herri-boterearen gorakada honek, halere, ez zuen asko iraun. 2003ko apirileko hauteskundeetan, Nestor Kirchner izendatu zuten Argentinako presidente, gaur egun dirauen kirchnerismoari hasiera emanez. Nestorrek instituzioen zilegitasuna berreskuratu zuen; Estatuari klaseen arteko epaile papera esleitu zion, klase arteko gatazka «ekiditzaile» legez; aurpegi publiko onuragarria landu zuen iritziaren aurrean (YPF-ren birnazionalizazioa, diktadura garaiko krimenen salaketa eta epaiketa ekiditen zuten legeen aldaketa, AEBengandiko «urrunketa» eta Latinoamerikara «hurbilketa», eta abar). Honek guztiak oreka bat eman zion putzuan zegoen herrialdeari, sozialki, politikoki bai eta ekonomikoki ere.
Aldi berean, alabaina, herri-mugimendua guztiz zatitu zuen, erosiz, liluratuz, iruzurra eginez, militantzia «alkilatuz» eta indargabetzea muturreraino eramanez, soilik Gobernuaren interesak defendatzen zituzten per- tsona/antolakundeak zilegituz. Lan honetan Cristina Fernandez de Kirchnerrek jarraitu zuen 2007an presidente kargua hartuz. Egun, antzina zuen botere-maila eta atxikimendua galdu du hein batean, baina ez osorik. Honek, oraina eta bi urterako bizipenak guztiz baldintzatuko ditu, desoreka ekonomiko, politiko eta sozialak eraginez.
Beraz, zer eta nola aurkitu eta ezagutu dugu Argentinan? Orokorrean, gure esperientziatik ondorio batzuetara heldu gara:
Kirchnerismoak hainbat urtetan zatitu eta indargabetu duen herri-mugimendua berpizten ari dela, gorakada epe bat sumatuz, auzo eta kaleetan jendartearen kontzientzia areagotzen doan heinean. Puntu honetan ezagutu ditugun auzo-erakunde, antolakunde politiko eta abarrek dute protagonismoa, oinarrizko militantzia langilearen fruituz, proiektu hauekiko atxikimendua hedatzea lortzen ari direlako.
Kale eta auzoetan egunero ematen diren borroka hauek egituratzea eta elkarri lotzea ezinbestekoa izango da, politika ofiziala eta estatu-botereen aldetik gero eta errepresio handiagoa eman ahal delako (ezegonkortasun orokor baten kontestuan). Aukera bezala barneratzen den etorkizuna horrela ulertuko da sakrifizio eta lan handia egiteko prest daudenentzat, sistemaren aldetik ez delako ezer oparituko.
Brigadek eta orokorrean internazionalismoa lantzen duten eginkizun eta praktikek berebiziko garrantzia dutela, atzo bezala gaur ere, munduko herri langileak eta askapen prozesuak lotu eta elkar elikatzeko. Kristoren poza eta borrokan jarraitzeko gogoa ematen duelako elkartasun maila horietara heltzeak, herrien eta herritarren arteko loturek aurrera egiteko bideak irekitzen dituelako.