GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

«E pericoloso sporgersi»

Italieraz ikasi nuen lehen esaldia hori da. Tren leihoetan idatzia, burua ateratzearen arriskuaz ohartzen du. Urteetara, Franco lagun italiarra ezagutu eta askotan aipatzen genuen esaldi hori, bizitzan destakatzea, burua ateratzea, aurrera egitea, porrotari ala dena galtzeari diogun beldurra baino norbere desirei jarraitzea dela indartsuagoa. Eta inor gu imitatzea nahi baino, irakasgai bakarra uzten dugula: erabakiak hartu eta ur handitan pulunpatzea zalantzan jarri ez duen izpiritu librearena. Gogoan dut, ondo gogoan, nola aipatu zidan beste hura ere: «E impossibile accetare di essere giudacati da chi a sofferto meno di noi», hots, norberak baino gutxiago sufritu duen pertsona batek zure erabakiak eta haren ondorioak epaitzea ezinezkoa dela. Horra egia beritablea. Jo, euria diharduenean akordatzen naiz ere Francorekin, nola garrasi betean «Piove! Governo ladro!» esaten genuen. Oraindik ere, euripean, oihukatzen dut: «Euria! Gobernu lapurra!» erotuta nagoen pentsatuko ote duten ala ez batere inportatzeke.

Orduan ezagutu nuen ere kulturaz inoiz entzun dudan definizio zorrotz eta indartsuena. «La culture c'est comme la confiture, moins on en a plus on l'étale», alegia, kultura, konfitura edo marmelada bezalakoa dela, zenbat eta gutxiago izan orduan eta gehiago hedatzen dela. Ala turkiar hari entzun nion bezala, otso zahartua txakurraren jostailua bilakatzen dela.

Ikasi nituen ikasi nituenez, Kariben amak esandakoari jaramon egiten ez zion haurrari eguerdiko eguzki handiak itsutuko zuela esaten ziotela, ala Italian «o ti mangi questa minestra o ti butti dalla finestra», ala zopa jan ala leihotik behera irrigarri hura. Ai oroitzak! Erantzezin diren jantziak!

Zer diren hizkuntzak! Gauza ttipi-ttipiak dira eta gauza handi-handiez glorifikatu daitezke. Baso handi-handiak kiskaltzen dituen txinpart ala su txikiak direlako.

Eta zer diren erabakiak! Bizitza honetan, gure-gurea den bakarra. Inork, sekula, lapurtu ezingo diguna erabakitzen dugun hori delako. Eta bizitza bat markatzen, aztarnatzen dutenak ez dira hamar-hamabost erabaki, bizpahiru baizik. Eta horietatik erdia, kalkulu matematiko hutsagatik, okerrak. Egin kontu!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo