GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Arantza Santesteban Historialaria

Modak

Hobe litzateke onartzea erakunde hauek ez dutela balio mundu berria eraikitzeko. Igarobidea izan litezke, pasabide moduko bat, baina inola ere ez azken geltokia

90eko hamarkadan nerabezaroan sartu berriek ikastolako azken urteetan erabaki zinez inportantea hartu beharra izaten zuten: «borroka» izan ala «pijoa» izan, hori zen kontua. Egiten zen aukera horren arabera estetika oso bat asumitu beharra zegoen. Borrokek orduan Iruñean zegoen Monimbo dendan xahutzen zituzten gurasoen diruak. Pijoek Mercaderes kaleko zapata dendan Londresetik ekarritako plataformadun zapatak erosten zituzten. XXI. mendeko nerabeek antzeko erabakiak hartu beharko dituzte seguru aski. Zerbaitekin identifikatzeko beharra dago horren guztiaren atzean, izaki soziala ez baita ezer talderik gabe, baina zeren arabera egin, hori modak agintzen du.

Halere, agian 90eko urteetan pijoen eta borroken artean egiten zen bereizketa hori nahiko ustekabekoa izan daiteke. Ohikoa den gezurrezko dikotomia bat. Beheko jendearen arteko enegarren bereizketa. «The Grapes of Wrath» (Suminaren mahatsak) filmaren amaieran azaltzen den horren antzekoa. Autoan hiru lagun daude, eta semeak amari esaten dio:

-Zer duzu ama, beldur zara?

-Beldur? Ez dut ostera izango beldurrik bizitzan. Nahikoa kolpatu gaituzte, irudi luke munduan etsaiak besterik ez dauzkagula. Ez daukagula lagunik. Eta horrek beldurra ematen zidan, triste jartzen ninduen.

Elkarrizketak kotxean jarraitzen du. 1940ko film bat da. Geure beldurraren beste sintoma bat, egungo moda berbalaren beste aldaera bat, politikarekiko mespretxua da. Nola izan daiteke politika interesgarria politikaren profesionalak grisak badira, ez badaukate hankabiko arruntak duen duintasuna ere.

Baina aldi berean, ez ote da susmagarria munduaren gidaritzan dagoen jendeak propio lana gaizki egiten ari dela pentsatzea. Ez ote da botere establezitua erridikulua boterea hartu nahi dugunok ere erridikuluak garela pentsatzen has gaitezen. Militantzia erridikulua dela, antolaketa ere bai, elkartasuna, eraldaketa pentsatzea eta eztabaidatzea, greba orokorrak, piketeak, mobilizazioak, alternatibak.

Gertura etorrita. Ez ote da aukera ederra adierazteko egungo erakundeek ez dutela balio gobernantza eraldatzailerako. Ezin dela erabaki AHT nahi dugun ala ez, militarrak eta poliziak nahi ditugun ala ez, oinarrizko errenta unibertsala martxan jarri nahi dugun ala ez, PFEZ zerga Europako batez bestekora igo nahi dugun ala ez. Hobe litzateke onartzea erakundeok ez dutela balio mundu berria eraikitzeko. Igarobidea izan litezke, pasabide moduko bat, baina inola ere ez azken geltokia.

John Forden filma hala bukatzen da:

-Orain asko kolpatzen gaituzte.

-Badakit, horrek indarra ematen digu. Pertsona berriak jaio eta hiltzen dira. Eta haien seme-alabak ere jaio eta hiltzen dira. Baina gu bizirik gaude eta bizirik jarraituko dugu. Oinez. Ezingo gaituzte akabatu, ezingo gaituzte zapaldu. Beti egingo dugu aurrera, jendea garelako.

Orain asmatu behar dugu nola. Zer jaso eta zer utzi. Nola galdu lotsa irabazi nahi izateari. Eta nola izan, eta ez bagarela, egungo modak diktatzen duen bezala antzezten. Modak aldatu, jendea garelako. Eleganteak izan, historia garelako.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo